Síguenos en redes sociales:

Hoteletako sarrerak %1,0 eta ostatu gauak %0,9 gehitu dira martxoan EAEn

Urteko lehen hiru hilabeteotako okupazio maila %42,6koa izan da EAEko hotel establezimenduetan plazen arabera neurtuta

Hoteletako sarrerak %1,0 eta ostatu gauak %0,9 gehitu dira martxoan EAEnUtzitakoa

Euskal Autonomia Errkidegoko (EAE) hotel establezimenduetako sarrerak %1,0 eta ostatu gauak %0,9 gehitu dira martxoan 2025eko hilabete beraren aldean, 284.168 eta 544.312 erregistratu ondoren, hurrenez hurren. Martxoko sarreren %39,3 eta ostatu gauen %42,2 atzerritarrenak izan dira, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Lurraldeka, Araban 38.127 sarrera eta 84.338 ostatu gau erregistratu dira hoteletan, hau da, iazko martxoan baino %3,1 gehiago eta %3,6 gehiago, hurrenez hurren. Bizkaian, sarreretan % 1,0ko igoera izan da, eta ostatu gauetan %2,7koa, 130.130 sarrera eta 245.123 ostatu gau izan ondoren. Gipuzkoan 115.911 sarrera erregistratu dira, 2025eko martxoan baino %0,3 gehiago, eta 214.851 ostatu gau, %2,1 gutxiago.

Hiriburuetako datuei dagokienez, sarreren kopuruak %2,1 egin du behera Gasteizen eta %2,0 Bilbon; Donostian, aldiz, ez da aldaketarik izan 2025eko martxoarekin alderatuta. Ostatu gauak %3,4 jaitsi dira Donostian, %1,6 Bilbon eta %0,6 Gasteizen.

Martxoko batez besteko egonaldia 1,92 egunekoa izan da EAEko hoteletan, 2025eko hilabete berean erregistratutakoaren berdina. Okupazio maila %47,5ekoa izan da plazen arabera neurtuta, eta %59,1ekoa logelen arabera neurtuta, 2025eko martxoarekin alderatuta %1,1na jaitsiz.

Errentagarritasuna, ADRaren edo eguneko batez besteko tarifaren bidez neurtua, 96,6 eurokoa izan da martxoan EAEko hoteletan osotasunean, hau da, %8,5eko igoera izan da aurreko urteko martxoaren aldean. ADRa 100,3 eurokoa izan da Gipuzkoan, 97,1 eurokoa Bizkaian eta 86,2 eurokoa Araban. Hiriburuen artean, aldeek lurraldeen hurrenkera mantendu dute, ADRa 113,7 eurokoa izanik Donostian, 104,1 eurokoa Bilbon eta 77,2 eurokoa Gasteizen.

RevPar edo logela eskuragarriko batez besteko diru sarrera 57,1 eurokoa izan da martxoan EAEko hotel establezimenduetan, hau da, joan den urteko hilabete berean baino %6,6 handiagoa.

Bestalde, sarrerak %0,6 eta ostatu gauak %0,3 jaitsi dira EAEko hoteletan urtarriletik martxora bitartean, 2025eko aldi metatu berarekin alderatuta, eta batez besteko egonaldia 1,89 egunekoa izan da, iazko aldi berean izandakoaren antzekoa, 1,88 egunekoa izan baitzen.

Azkenik, urteko lehen hiru hilabeteotako okupazio maila %42,6koa izan da EAEko hotel establezimenduetan plazen arabera neurtuta, eta %53,0koa gelen arabera neurtuta, %1,8 eta %2,0 puntu gutxiago 2025eko aldi berberekin alderatuta, hurrenez hurren.