Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikitako Sprilur lurzoru industriala kudeatzeko sozietate publikoak inoizko jarduerarik handiena izan du 2025ean lizitazio eta aurrekontu aldetik, 48 lizitazioren kudeaketa bideratu baitu, 88 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.
Sprilurreko iturriek prentsa ohar jakinarazi dutenez, iaz kudeatutako 48 lizitazioetatik 26 urtean bertan abiatu dira -16 zerbitzuetakoak eta 10 obratakoak-, eta gainerako 22ak aurreko urteetako esleipenen jarraipenak dira.
Obra nabarmenen artean, Eskuzaitzetan (Donostia) urbanizazio, elektrifikazio, obra zuzendaritza eta kalitate lanak lizitatu dira, ia 13 milioi euroko aurrekontuarekin. Azken urteotan Gipuzkoan egin den urbanizazio eta obra zibil garrantzitsuena da.
Halaber, Santurtziko (Bizkaia) Etxe Uli zabortegi zaharra berroneratzeko jarduketaren barruan aurreikusi den Molino errekaren desbideraketa lanak egin eta obra zuzendaritza lizitatu dira ia 14 milioi euroko aurrekontuarekin. Zabortegi zahar bateko lurrak berroneratzeko Bizkaian abiatu den lanik garrantzitsuenetakoa da Etxe Uli proiektu osoa.
Gainera, Burtzeñan (Barakaldo, Bizkaia), UERT (Maser) lursail zaharra berroneratzeko obrak egiteko zuzendaritza kontratua lizitatu da, 7.220.589,00 euroan, eta Mungiako (Bizkaia) Prado lursailaren kalitate adierazpena lortzeko indusketa plana gauzatzeko obrak eta dagokion obra zuzendaritza eta ingurumen kontrola egiteko lizitazioa egin da, 1.129.450,00 euroko aurrekontuarekin.
Arcelorren (Zumarraga, Gipuzkoa) lehengo pabilioietan hozte urak ijezteko eta arazteko industria garbiketako eta hondakinen kudeaketako lanak ere esleitu dira, 1.884.897 euroan, eta 0 areako pabilioiak eta 1 eraikina eraisteko lanak kontratatzeko lizitazioa egin da.
BALORAZIOA
Horiekin batera beste hainbat lizitazio kudeatu ditu Sprilurrek 2025ean, besteak beste, La Herrera Iparraldean (Pasaia, Gipuzkoa) industria eraikin baten proiektua idaztea eta hirugarren sektoreko beste eraikin baten handitzea eta obren zuzendaritza, Oikiako (Zumaia, Gipuzkoa) industrialdea berrurbanizatzeko proiektua idazteko eta obra zuzentzeko zerbitzuak, edota Lemoizko zentral zaharraren inguruan dikea konpontzeko lanak.
Sprilurren zuzendari nagusi Txaber Ourok 2025. urteko jardunaren balorazio "oso positiboa" egin du, eta nabarmendu du iaz egindako eta abiatutako guztiak "legealdi honetarako ezarritako erronkei erantzuteko aurrerapauso handia" suposatzen duela, bai lurzoru industriala eta erabiltzen ez diren azpiegiturak berreskuratzean, baita enpresentzako kokapen berriak egokitzean ere.