URAk 140.000 euro inbertituko ditu Durangon eta Iurretan Mendizabal presa kentzeko eta uholde arriskua murrizteko
URAk segurtasun hidrikoarekin, klima aldaketara egokitzearekin eta ibai ekosistemen hobekuntzarekin duen konpromisoari eusten dio
URA Uraren Euskal Agentziak Mendizabal presa kenduko du Bizkaiko Durangon eta Iurretan uholdeak izateko arriskua murrizteko, eta 140.000 inbertsioa egingo du. Jarduketa bi fasetan egingo da, eta, lanak hasteko data zehazteke bada ere, aurten egikarituko da, 11 astean zehar.
URAk jakinarazi duenez, presa Monton zubiaren azpian dago, eta Durango eta Iurreta lotzen ditu Ibaizabal ibaiaren gainean. Jarduketaren helburu nagusia da ibaiaren ahalmen hidraulikoa hobetzea eta uholde arriskua murriztea bi udalerriotako hiri eremu kalteberetan.
Gaur egun ez du inolako erabilerarik, Ibaizabalen ibilgua estutzen duen oztopo hidraulikoa da, eta, ur altuetan, emariaren ur lamina handitzen du, balizko gainezkatzeak sorraraziz. Hori dela eta, URA behartuta dago ingurune horretan uholde arriskua murrizteko lan egitera.
Presa txikia kentzeak dinamika naturala berreskuratzea ekarriko dio ibaiari, euri aldi handietan uraren joan-etorria erraztuz eta azken urteetan erregistratutakoak bezalako gainezkatzeak saihestuz. Esku hartzeak Iurretako herriguneari eta Durangoko San Ignazio auzoaren inguruari egingo die mesede bereziki, uraldiek kalteak eragin baitituzte eremu horietan.
Durangoko alkate Mireia Elkoroiribe, Iurretako alkate Oskar Koka eta URAko zuzendari nagusi Asier Lopez Etxebarria Iurretan bildu ziren joan den otsailaren 4an eraispen lanak abiatzea bultzatzeko. Hirurek nabarmendu zuten erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia horrelako jarduera bat aurrera eramateko.
Bileran, Durango eta Iurreta zeharkatzen dituzten erreken egoera ere aztertu zen, ibai oztopoak kentzeko, ibaiertzetan bertako landaredia lehengoratzeko eta berreskuratzeko lankidetza aukera berriak identifikatuz.
Segurtasun arloko onurez gain, presa eraisteak Ibaizabal ibaia ekologikoki lehengoratzen lagunduko du, uretako espezieen migrazioa erraztuz. Jarduketa ibai ibilguetan oztopo zaharkituak desagerraraztea sustatzen duten Europako eta Estatuko gidalerroetan kokatzen da. Horrela, URAk segurtasun hidrikoarekin, klima aldaketara egokitzearekin eta ibai ekosistemen hobekuntzarekin duen konpromisoari eusten dio.
Temas
Más en Actualidad
-
Detienen a una mujer en la estación sur de autobuses de Madrid con más de 7.300 cajetillas de tabaco
-
El 10,2% de la población de Euskadi es de nacionalidad extranjera y el 14% ha nacido en otro país, la mayoría en América
-
Euskadi podrá activar el LABI ante grandes incidentes de ciberseguridad
-
Kaleko farola batzuetatik kablea lapurtzen harrapatu duten bikote bat atxilotu dute Gasteizen