Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, astelehenean, otsailaren 9an, giro motela izango dugu. Euria egingo du, baina tarteka. Goizaldean eta goizean goiz zaparrada batzuk egingo ditu, egunaren erdiko orduetan aterrune luzeak izango dira, eta arratsaldetik aurrera zaparradak sarriago egingo ditu, batez ere Kantauri isurialdean, eta bertan etengabe busti dezake egunaren bukaeran.

Hego-osagaiko haizea ibiliko da, baina ez da oso indartsu ibiliko. Giro epelagoa espero dugu eta kostaldetik gertu 15 graduren muga gaindituko dute maximoek. Hiriburuetan, Baionan 6 gradu espero dira gutxienez eta 14 gehienez, Bilbon 9 gutxienez eta 17 gehienez, Donostian 8 gutxienez eta 16 gehienez, Gasteizen 3 gutxienez eta 12 gehienez eta Iruñean 3 gutxienez eta 12 gehienez.

Itsasbazterrean hego-osagaiko haizea ibiliko da 3ko indarrarekin eta 4ko tarteekin, hego-mendebaldekoa nagusituz, eta azken orduetan mendebaldera alda daiteke; itsaso kizkurra eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1-1,5 metro arteko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 09:21ean eta 21:53an izango dira, eta itsasbehereak 03:13an eta 15:45ean. Uraren tenperatura 12 gradukoa da eta ikuspena lau eta hamar kilometro artekoa izango da.

BALORAZIOA

 Zerua oso hodeitsu egongo da. Euri txikia egingo du noizbehinka, gauean ertaina izan daiteke. Hego eta hego mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez eta maximoak nahikoa igoko dira, batez ere Kantauri isurialdean.