Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 400 saltokik bat egin dute otsailaren 11ko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela-eta Elhuyarrek sustatutako 'Otsailaren 11 erakusleihoak' egitasmoaren seigarren aldiarekin, eta emakume zientzialari bati eskainiko diote erakusleihoa.
Elhuyarretik jakinarazi dutenez, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Batzar Nagusiak otsailaren 11 hori aukeratu zuen 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.
Bada, egun horretarako, Elhuyarrek 'Otsailaren 11 erakusleihoak ekimena jarri du martxan seigarren urtez, eta Altsasu, Aretxabaleta, Arrasate, Barakaldo, Baztan, Bilbo, Burlata, Durango, Elgoibar, Erandio, Galdakao, Iruñea, Laudio, Legazpia, Mutiloa eta Urdulizko saltokiek hartuko dute parte, astelehen honetatik otsailaren 11ra. Aurten, Nafarroako erakusleihoak gehitu dira ekimenera, eta saltokien kopuruak gora egin du nabarmen: 400 izango dira guztira.
Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, "emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile" bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute.
Aurrekoetan bezala, seigarren edizio honetan ere, 12 zientzialariren inguruko ginkana publikoan parte hartzeko aukera egongo da. Saltokiz saltoki, emakume protagonisten inguruko galderei online erantzunez osa dezakete ginkana herritarrek.
Bestalde, ekimenean parte hartzen duten herrietako ikastetxeek paperean osatzeko bertsioa jasoko dute, aukera izan dezaten ikasleekin erakusleihoak bisitatzeko eta emakume zientzialariok gertuagotik ezagutzeko.
ERAKUSKETA
Horrez gain, 'Otsailaren 11 erakusleihoak' egitasmoan ikusgai egongo diren irudietan oinarriturik, 'Zientzia-emakumeak argira' erakusketa zabalduko da otsailean Aretxabaleta, Barakaldo, Baztan, Berriozar, Burlata, Donostia, Eibar, Izarbeibar, Legazpi, Ordizia, Tafalla eta Urdulizen.
Ekimena duela sei urte sortu zuen Elhuyarrek Bizilabe gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi eskaintzaren barruan.
STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia eta teknologia gaietan parte har dezaten bultzatzen, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie gazteei, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.