Ainhoa Delgado Iriondo da Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatzen dituzten Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarien 2025eko edizioko irabazlea, 'Zuk, zergatik ez? Hizkuntza-hautua finantza-entitateen zerbitzu digitaletan' izenburuko lanagatik. Irabazleak 2.000 euro jasoko ditu.
Sariaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, lanak nabarmentzen du bizirik nahi badugu, euskarak sarean egon behar duela ezinbestean, baina egote hutsa, ordea, ez dela nahikoa, erabili egin behar delako.
Andras Kornai hizkuntzalariaren teoriatik abiatuta eta finantza entitateen zerbitzu digitalak aitzakiatzat hartuta, euskararen bizitasun digitala aztertu du Delgado Iriondoren lanak. Eskaintza eta eskaria aztertu ditu, hizkuntza aukeratzerakoan eragina duten faktoreak identifikatzeko eta euskararen erabilera areagotzeko estrategiak proposatzeko.
Ikerketak erakutsi du hizkuntza hautua ez dela neutroa eta hainbat faktorek baldintzatzen dutela, hala nola araudiak, euskarri digitalen konfigurazioak, erabiltzaileen gaitasunak edo zerbitzua eskaintzen duenaren proaktibitateak. "Eta zuk, zergatik ez?", planteatzen du ikerlanak.
Bestalde, Kimetz Perez-Harispek lortu ditu 2025eko Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarien bigarren sariaren 1.300 euroak, 'Hirigune frantses batean euskaraz ikastearen oxymorona: Baionako Estitxu Robles Kolegioaren kasua' lanari esker.
Hirugarren saria (1.000 euro), berriz, Mikel Gartziarena San Policarporentzat izan da, 'Irakaslegaiak euskararen sistole: bizi a(ha)la iraun? Euskal Herrian euskararen transmisioan gako izango direnen azterketa' lanagatik.
Hiru irabazleei sariak banatzeko eta lanon laburpenak jendaurrean aurkezteko ekitaldia abenduaren 19an egingo dute Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk, 12:00etan hasita, EHUko Micaela Portilla Ikergunean, Gasteizen.
TXILLARDEGI-HAUSNARTU
Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarien helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza izan da 2008an sortu zirenetik. Euskal soziolinguistikaren ikerlarien lana bultzatzea eta ikerlari berriak eremu honetara biltzea bilatzen da.
Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke sarietara, beti ere oinarri zientifikoa dutenak edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen dituztenak izanik.
Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera; soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio zientzietatik, besteak beste.
Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sariak izenarekin, Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' euskal soziolinguista handia omendu nahi da, euskararen inguruko ezagutza soziolinguistikoa eraikitzen egin zuen lanagatik.