2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, errepidean arriskua seinaleztatzeko V16 argi-baliza berriak erabiltzea nahitaezkoa izango da, eta ibilgailu guztiek bat izan beharko dute.

Hauek dira horien erabilerari, derrigortasun-egutegiari, erabilera-kasuei eta ezaugarriei buruzko argibide batzuk, herritarrei informazio argia eta zorrotza emateko.

Zer dira V16 balizak?

V16 baliza Euskadin eta Estatuko gainerako lurraldeetan 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera arriskua seinaleztatzeko baimendutako gailu bakarra da, eta larrialdietako triangeluak ordezkatuko ditu.

Zertarako balio du?

Balizak bi funtzio ditu:

1. Beste gidari batzuei ohartarazten die, intentsitate handiko argi keinukari baten bidez, ibilgailu bat geldi dagoela.

2. Ibilgailua non dagoen jakinaraziko die dagozkien Trafikoa Kudeatzeko Zentroei, horren berri denbora errealean izan eta eman dezaten.

Nola funtzionatzen dute?

Gailuaren funtzionamendua erraza da. V16 balizak GPS txip bat, SIM txartel bat eta abar ditu barruan. Gure ibilgailua errepidean edo bazterbidean ibilgetuta dagoela seinaleztatu behar dugunean, piztu eta ibilgailuaren kanpoaldean, ahalik eta ongien ikusteko moduan, jarri besterik ez dugu egin behar, ibilgailutik irten gabe.

Noiztik da derrigorrezkoa?

Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren 2021eko azaroaren 30eko Ebazpenak, V16 seinaletik Euskadiko Trafikoa Kontrolatzeko Zentrora automatikoki konektatutako Sarbide Nazionaleko Gunera datuak bidaltzeko protokoloa eta formatua zehazten dituenak, adierazten duen bezala, baliza derrigorrezkoa izango da 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera.

V16 guztiak berdinak al dira?

Ez. Lehen aipatutako ebazpenak eta ondoren argitaratutako jarraibide osagarriek zehazten dituzte balizek homologatuak izateko bete behar dituzten gutxieneko irizpideak, baina baliza bakoitzak, gutxieneko horietatik abiatuta, bere ezaugarri teknikoak izango ditu. Horrela, adibidez, bi baliza homologatuk argi-intentsitate edo bateria-iraupen desberdina izan dezakete.

Gutxieneko irizpide horietako bat edo batzuk betetzen ez dituzten balizak ere egongo dira. Horiek ez dira homologatuta egongo.

Zer gertatzen da nirea homologatuta ez badago?

Baliza homologatu bat erosi beharko duzu, homologatu gabeak ez baitu balioko.

Non eta nola jarri behar da?

V16 gailua ibilgetutako ibilgailuaren ahalik eta alderik altuenean jarri beharko da, eta, nolanahi ere, ahalik eta ongien ikusiko dela bermatzeko leku batean. Ibilgailutik irten gabe jarri beharko da, gure eskua iristen den posiziorik onenean.

Egunez eta gauez jarri behar al da?

Bai, nahitaezkoa izango da ibilgailua errepidean edo bazterbidean ibilgetuta geratzen den edozein gertaeratan, edozein dela ere argi-egoera.

Baliza bakarrik jarri behar da edo seinale gehigarriak ere jarri behar dira (triangeluak, txalekoa…)?

V16 baliza da ibilgetutako ibilgailuak seinaleztatzeko araudiak legez onartzen duen medio bakarra. Alde horretatik, gogoratu behar da triangeluak ordezkatzea justifikatuta dagoela bide-segurtasuneko arrazoiengatik; izan ere, triangeluak jartzeko bidetik edo bazterbidetik ibili behar izateak gidaria gehiegi arriskatzea zekarren, eta, modu horretan, harrapatzeko arriskua eta ondorioen larritasuna areagotzen zituen.

Edonola ere, V16 balizak ibilgailutik jaitsi gabe seinaleztatzeko aukera ematen badu ere (leihatilatik jarrita), txaleko islatzaileak ibilgailu barruan eraman beharreko nahitaezko elementua izaten jarraitzen du. Nahitaez erabili behar da, oraindik ere, edozein arrazoi dela-eta ibilgailutik irten behar bada hiriarteko bide batean (adibidez, garabiaren zain galtzadatik kanpo egoteko edo kalte bat aztertzeko).

112ra deitu behar al da?

Bai. Balizak ibilgailuaren posizioa bakarrik transmititzen du, ez du gertakari-mota sailkatzen, eta, beraz, larrialdietako zerbitzuekin harremanetan jarri beharko da 112 larrialdietarako telefono-zenbakiaren bidez, edo, matxura izanez gero, errepideko laguntza-zerbitzuei (garabiari) laguntza eskatu.

Nora iristen da seinalea eta nork kudeatzen du gertaera?

Seinalea trafikoaren arloan eskumena duten erakundeetara iristen da. Euskadiren kasuan, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrora. Zentro horretako operadoreek balizen gertaera-proposamenak kontrastatuko dituzte SOS Deiak zerbitzuak, Ertzaintzak, foru-aldundietako errepideen kontserbazio-zerbitzuek eta Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren bitartekoek (kamerak, Geotraffic, etab.) denbora errealean kudeatzen duten informazioarekin, baliozkotu edo baztertzeko. Gorabehera baliozkotu ondoren, dagozkion protokoloak abian jarriko dira.

Probatu al dezaket funtzionatzen duen benetako alerta bat aktibatu gabe?

V16 balizaren funtzionamenduaren funtsezko alderdi bat da aktibazioaren eta trafikoaren arloan eskumena duten erakundeei lokalizazio-seinalea bidaltzen hasten den unearen arteko tartea. Lehen 100 segundoetan, baliza piztuta egoten da baina ez du kanpoko informaziorik transmititzen.

Beraz, proba labur bat egin daiteke alertarik aktibatu gabe.

Zein da zigorra baliza ez izateagatik? Beste zer zigor ekar dezakete gaizki erabiltzeak edo ez erabiltzeak?

Baliza ez edukitzea edo ez erabiltzea arau-hauste arina da, eta 80 euroko zigorra dakar. Zigor hori gaur egun aurreseinaleko triangeluak ez daramatzaten edo erabiltzen ez dituzten gidarientzat ezartzen den bera da.