150gr. arte eszenikoen jaialdiaren 13. edizioa ospatuko da Gasteizko Montehermoso Kulturunean abenduaren 27tik 29ra arte eta 12 ikuskizun eskainiko ditu, lau lan labur egunero, hain zuzen ere, bakoitza lau emanaldirekin.
150gr. jaialdi alternatiboa da eta Gasteizko Pez Limbo eta El Mono Habitado konpainiek sustatzen dute. Hiriko espazio ez-konbentzionaletan egiteko asmoz jaio zen, eta hainbat ediziotan Gorbea kaleko merkatuan egin zen. Pandemiarekin, jarduera Montehermoso Kulturunera lekualdatu zen, eta ordutik leku horretan mantendu da.
Bada, antolatzaileek aurkezpenean azaldu dutenez, aurten ere hazi egin da jaialdia, iaz Dendaz-Denda atala gehitu bazitzaion, aurten Gasteiztik aterako baita lehenengo aldiz, Agurainen ere ikuskizunak eskaintzeko.
Horrela, programazioak 60 ikuskizun baino gehiago batuko ditu: Montehermosokoak, Dendaz Denda atalekoak eta Agurainen egingo direnak.
Antolatzaileek deialdi publikoa egiten dute uda bakoitzean, konpainiek beren proiektuak aurkez ditzaten. Bada, aurten, hainbat diziplinatako 12 lan eszeniko aukeratu dituzte horien artean (antzerkia, txotxongiloak, dantza, performancea, narrazioa edo clowna).
Jaialdirak abonamenduak abenduaren 17an jarriko dira salgai eta abonos150gr@gmail.com helbide elektronikoaren bidez eskuratu ahal izango dira. Aurrez ere salduko dira Montehermosoko harreran abenduaren 20an (12:00etatik 14:00etara) eta 23 eta 26an (18:30etik 20:30era). Jaialdian zehar ere erosi ahal izango dira sarrerak, abenduaren 27, 28 eta 29an (12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik aurrera).
Emanaldi baterako sarrerak 4,5 euro balio du, egun bateko abonamenduak 13 euro, eta hiru egunetarako abonamenduak 33 euro.