Jon Arretxe idazle bizkaitarrak Mexikoko Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (FIL) hartu du parte egunotan, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik. Hain zuzen, Basauriko egileak Toure detektibearen saga aurkeztu eta azokako hainbat jardueratan hartu du parte astelehen honetatik asteazkenera, abenduaren 1etik 3ra.

Etxepare Euskal Institututik adierazi dutenez, FIL Guadalajara liburugintzaren alorreko ekitaldi garrantzitsuenetakoa eta iberoamerikar letren hitzordu nagusia da, eta ehunka idazle eta milaka profesional biltzen ditu urtero Mexikoko hirian.

Aurtengo edizioan, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin, Jon Arretxek bere lana aurkeztu eta programa ofizialeko hainbat jardueratan hartuko du parte.

Horrela astelehen honetan, Basaurioko idazleak Toure detektibea protagonista duen saga ezaguna aurkeztuko du. 11 liburuk osatzen dute saila eta arrakasta handia izan dute kritikaren zein irakurleen artean.

Mahamoud Toure afrikar etorkin paperik gabea Bilboko San Frantzisko auzoan bizi da, eta aurrera egiteko iragarle, abeslari edota detektibe lanak egiten ditu. Begirada kritikoarekin, umorearekin eta gizatasun handiz, pertsonaiak bazterkeria, arrazakeria, indarkeria, prekarietatea edo polizia ustelkeriak zeharkatutako istorioei egiten die aurre.

Halaber, asteartean, abenduaren 2an, Arretxek ikasleei zuzendutako topaketa batean parte hartuko du, 'FIL Joven: Ecos de la FIL' programaren baitan, eta asteazkenean, abenduaren 3an, 'La ruta de una crónica de viaje' mahai inguruan izango da, Joseph Zarate (Peru) eta Ignacio Piedrahita (Kolonbia) idazleekin batera.