Irati Bazeta 2024ko Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi zuen ilustratzaile abadiñarrak Harien isla erakusketa aurkeztu du ostiral honetan Durangoko Museoan (Atartea Gunea), 60. Azoka hasi de egunean, hain zuzen.

Durangoko Azokatik jakinarazi dutenez, euskara jendea gaitzat hartuta esku hartze artistiko bat egitea zen 2024ko Durangoko Azokaren Sormen Bekaren deialdiko zeregina.

Bada, Irati Bazeta ilustratzaile abadiñarrak irabazi zuen, Harien isla izeneko proiektuarekin. Margogintzan oinarrituta dago bere lana, eta dozena bat pieza sortu eta jarri dira ikusgai Durangoko Museoan (Atartea Gunea), 60. Durangoko Azokaren baitan.

Inaugurazio ekitaldian izan dira Garazi Arrizabalaga museoko zuzendaria, Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidentea eta Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Bazetarekin batera. Erakusketa urtarrilaren 7ra arte egongo da ikusgai.

DEIALDIA

Bazetak azaldu duenez, margogintza umetatik landu izan duen zerbait da, eta bekaren deialdiaz jakitean aurkeztea erabaki zuen. Gaia dela eta, euskarari buruz azken boladan hainbat hausnarketa konpartitu dituela aipatu du ilustratzaileak, eta ondorioz hainbat galdera sortu zaizkiola.

"Nor da euskara jendea? Zer dakar euskara jendea izateak? Ba al dugu euskara jendea garenaren kontzientziarik? Euskaraz bizi edo euskarara heltzeko denok baliabide berak al ditugu? Zein egoeratan sentitu dugu hizkuntza estresa? Hainbat galderatan oinarri hartuta landutako proiektua da", azaldu du.

Modu honetan, proiektuaren bidez gogoeta horiek guztiak plazaratzea izan da Abadiñoko ilustratzailearen azken helburua.

Artengo Sormen Bekaren proiektu irabazlea datorren astelehenean iragarriko da, abenduaren 8an, 10:00etan Ahotsenea Literaturan egingo den sari emate ekitaldian (Musika eskolan). Komikigintzari lotutako deialdia izan da aurtengoa.