Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera, azaroa hezea izan da, itsasertzean edo Arabako Errioxan izan ezik, horietan normala izan baita. Gainera, Euskadiko leku gehienetan azaroa beroa izan da, Mediterraneo isurialdean salbu, normala izan baita, Ebro ibarrean ezin ezik, 1991-2020 aldi normaleko batez bestekoarekin alderatuz, anomalia 0,8 gradukoa izan da lurralde osoan.
Euskalmeten arabera, prezipitazio egunen kopurua ohikoa baino handiagoa izan da lurralde osoan. Hiriburuei erreparatuz, Bilbon eta Gasteizen 13 euri egun izan dira, eta Donostian 19. Prezipitazioa hilean zehar banatu bada ere, hilaren azken herena izan da euritsuena.
Prezipitazio balio altuenak Gipuzkoa ekialdean izan dira, Nafarroako mugan, eta bi estazioetan 300 l/m2-tik gora pilatu dira (Berastegi 306,8, Eskas 305,7, Ameraun 291 eta Añarbe 251,6).
Era berean, bigarren mailako maximoak Kantauri isurialdearen barnealdean izan dira (Bidania 278,5 l/m2, Ibai Eder 253,2, Arrasate 243, Muxika 230,3, Ordunte 228,5 eta Cerroja 225,1), baita Mediterraneo isurialdeko puntu sakabanatuetan ere (Otxandio 235,5, Iturrieta 208,3 eta Gorbeia 201,9).
Azaroaren 20an jatorria artikoan zuen aire masa bat iritsi zen eta elur-kota 700-1.000 metro artean kokatu zen. Hurrengo egunean, hilaren 21ean, are gehiago jaitsi zen elur-kota eta 400-500 metro inguruan egon zen. Orduan, Gasteizen noizean behin elur txikia egin zuen eta Arabako Lautada ekialdean elurra ugaria izan zen.
TENPERATURAK
Tenperaturari dagokionez, kostaldean batez besteko tenperatura 13-14 gradu ingurukoa izan da, eta Arabako Lautadan 8-9 gradukoa. 1970az ezkero, 2025eko azaroa gutxi gorabehera tarteko posizioan geratu da (10 graduko batez bestekoa EAE osorako), 1983an eta 2024an erregistratutako batez bestekoetatik urrun (11,8 eta 11,7 gradu, hurrenez hurren).
Tenperatura horrekin batera, oro har, intsolazioa ohi baino txikiagoa izan da, eta eguzki orduak ohi baino %5 gutxiago izan dira, gutxi gorabehera. Hiriburuetan, Bilbon 85 eguzki ordu izan dira, Donostian 105 eta Gasteizen 85.
Azkenik, muturreko egoerei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak 29 abisu hori igorri ditu azaroan: lau prezipitazio iraunkorrengatik, hiru elurteengatik, lau haizeagatik haizeguneetan, lau haizeagatik haizeguneak ez diren lekuetan, lau nabigaziorako olatuen altueragatik, bost kostaldeko inpaktuagatik eta bost baso suteen arriskuagatik.