Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, ostegunean, abenduaren 4an, beste fronte bat igaroko da eta giroa euritsua izango da ia edonon. Hala ere, prezipitazio gehien ipar isurialdean pilatuko da, eta arratsaldean trumoi-ekaitzak izan daitezke. Elur-kota 1.300-1.400 metrora kokatuko da.

Mendebal/hego-mendebaldeko haizea indartsu ibiliko da, batez ere kostaldean, eta bertan bolada oso gogorrak espero dira. Tenperaturan aldaketa handirik ez da izango. Hiriburuetan, Baionan 8 gradu espero dira gutxienez eta 12 gehienez, Bilbon 8 gutxienez eta 13 gehienez, Donostian 7 gutxienez eta 13 gehienez, Gasteizen 3 gutxienez eta 9 gehienez eta Iruñean 3 gutxienez eta 8 gehienez.

"Zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da"



Itsasbazterrean mendebal osagaiko haizea ibiliko da 5-6ko indarrarekin, eta itsaski handia edo itsaso zakarra eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 2,5-3 metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Trumoi-ekaitzak izan daitezke. Itsasgorak 03:30ean eta 15:56an izango dira, eta itsasbehereak 09:37an eta 21:57an. Uraren tenperatura 15 gradukoa da eta ikuspena bat eta lau kilometro artekoa izango da.

BALORAZIOA

 "Zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Lehen orduetatik aurrera prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarriago eta ugariago Kantauri isurialdean. Kantauri isurialdean trumoi-ekaitzak izan daitezke eta kazkabar txikia egin dezake. Elur-kota 1200-1400 m-ra egongo da. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin haizeguneetan, bereziki kostaldean; barnealdean hego-mendebaldekoa nagusituko da. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igoko dira eta maximoetan aldaketarik ez".