Gasteizko Udaleko Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak Teodoro Dublang Margolaria kaleko tuneleko horma-irudia berritzea agindu du eta Irantzu Lekue artista gasteiztarra arduratuko da lanetaz, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez.

Tunela Teodoro Dublang Margolariaren kalean dago, eta duela gutxi bertako irudia berritu zuten IDarte ikastegiko ikasleek, eskola alemanaren erreferenteetan eta Bauhausen oinarrietan inspiratutako horma-irudiarekin.

Horma-irudian pintadak egin zituzten ikasleek esku hartze artistikoa amaitu eta hurrengo egunean, eta orain, Lekuek berehala hasiko ditu berritze lanak eta astebete inguru iraungo dute. Lanotan grafitien aurkako berniza erabiliko du, etorkizuneko mantentze lanak indartzeko eta pintada berriak konposizioaren gainean finkatzea eragozteko.

Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak 2022an IDarterekin lankidetzan bultzatutako proiektuaren parte da horma-irudia, helburua baita hiriko hainbat puntutan esku hartze artistikoak sustatzea.

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak nabarmendu duenez, lehengoratze lana beharrezko erantzuna da artista gazteek egindako lanaren balioa babesteko.

"Gertatu zena IDarteko ikasleen ahalegina eta talentua mespretxatzea izan zen. Erabakitasunez jokatu dugu hasiera-hasieratik, ez baitugu onartuko ekintza bandaliko batek gure gazteen sormen-ekarpena ezabatzea. Horma-irudi horrek berriro ere argia eta kolorea eman zizkion lehen iluna zen pasabide horri, eta orain berreskuratu eta babestu egingo dugu", azaldu du.

Gogorarazi du Ingurumen Sailak zehapen espedientea ireki diola pintadaren egile identifikatuari. Zehapen proposamenak 3.000 euroko isuna jasotzen du garbiketa ordenantzaren arau-hauste larriagatik, eta horiei gehituko zaie eragindako kalteen balorazio ekonomikoa; guztira, aurrekontuan 3.500 euroko kostua aurreikusi da.

Artolazabalek espazio publikoan proiektu sortzaileen babesa mantentzearen garrantzia ere azpimarratu du: "IDarterekin lanean jarraituko dugu. Esku hartze horiek gure auzoak hobetzen dituzte, nortasuna sortzen dute eta artea hiriaren egunerokora hurbiltzen dute. Gure ikasleen sormenak errekonozimendua merezi du, baita babesa ere. Horregatik lehengoratuko dugu horma-irudi hau".