Euskal Autonomia Erkidegoan 5.377 pertsona hil dira 2025eko bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko aldi berean baino %0,1 gehiago, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Datuak aurreko urteekin alderatzen badira, aurtengo bigarren hiruhilekoko heriotzen kopurua txikiagoa izan da 2022koa (5.787), 2021ekoa (5.418) eta 2020koa baino (6.073); aitzitik, 2019koa (5.067), 2023koa (5.266) eta 2010-2019 aldiko batez bestekoa (4.876) baino handiagoa izan da.
Lurralde historikoka, Bizkaian 2.884 heriotza izan dira (+%0,6), eta Gipuzkoan 1.741 (+% 0,5); Araban, aldiz, 752 pertsona hil dira, %2,7 gutxiago.
Sexuen arabera, 2.706 emakume (-%0,9) eta 2.671 gizon (+%1,1) hil dira, eta bigarren hiruhilekoan izandako heriotzen artean, 11 hildako urtebetetik beherakoak izan dira (%0,2) eta 122 ehun urtetik gorakoak (%2,3).
Hazkunde begetatiboa negatiboa izan da EAEn 2025eko bigarren hiruhilekoan, heriotzak jaiotzak baino 2.091 gehiago izan baitira. Hiru herrialdeetan izan dira saldo negatiboak: Bizkaian 1.247 pertsona, Gipuzkoan 605 eta Araban 239
Heriotza kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio sistemako gaixotasunak izan dira, 1.513 eta 1.288 heriotza eragin baitituzte, hurrenez hurren; beraz, bien artean aldi horretako heriotzen %52,1 dira. Hirugarren heriotza kausa arnas sistemako gaixotasunak izan dira, 455 heriotzarekin.
SEXUAREN ARABERA
Sexuen arabera heriotzen kausa desberdina izaten jarraitu du 2025eko bigarren hiruhilekoan. Horrela, gizonen artean, tumoreek eragindako heriotzak (%32,4) zirkulazio sistemako gaixotasunek eragindakoak (%22,6) baino gehiago izan dira; emakumeen artean, kausa nagusia zirkulazio sistemako gaixotasunak izan dira (%25,3), eta bigarrena, berriz, tumoreak (%23,9).
Covid-19ak 20 heriotza eragin ditu aldi horretan (guztiak baieztatutako covid-19aren ondoriozkoak), hau da, heriotza guztien %0,4 izan dira, %68,8ko jaitsierarekin. Bizkaian kausa horren ondoriozko 10 heriotza izan dira, Gipuzkoan 8 eta Araban 2.
Kausa horren ondorioz 10 emakume eta 10 gizon hil dira, eta, adin tarteei erreparatuta, 80 urtetik gorakoak izan dira gehienak (16), eta ondoren 60-79 urtekoak (4).
Azkenik, hazkunde begetatiboa negatiboa izan da EAEn 2025eko bigarren hiruhilekoan, heriotzak jaiotzak baino 2.091 gehiago izan baitira. Hiru herrialdeetan izan dira saldo negatiboak: Bizkaian 1.247 pertsona, Gipuzkoan 605 eta Araban 239.