Bilboko Udalak antolatutako Zinebi Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 67. edizioak 33 herrialdetako 58 lan izango ditu lehian azaroaren 21etik 28ra. Film guztiak bederatzi saiotan proiektatuko dira Azkuna Zentroko auditoriumean, azaroaren 22tik 27ra.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, zinemaldiaren araudian ezarritako hiru kategorien arabera (ez dira baztertzaileak, eta horrek esan nahi du film labur bat kategoria batekoa baino gehiagokoa izan daitekeela), 19 film fikziozkoak dira, 19 dokumentalak eta 20 animaziozkoak.

Zinebiko programazio aukeratu ditu lan horiek guztiak martxotik hona jasotako 9.000 filmen artean. Banaketa geografikoari dagokionez, Euskal Herriko eta Espainiako filmez gain, Alemaniako (9) eta Frantziako (7) konpainiek ekoitzitako edo koproduzitutako film laburrak nabarmentzen dira.

Hautatutako filmen artean bost euskal ekoizpen (edo koprodukzio) daude: 'El cuerpo de Cristo' (Bea Lema, 2025), 'Geratzen den hori' (Aitor Gametxo, 2025), 'Habana industrial' (Ainhoa Ordoñez Yralagoitia, 2025), 'Le prime volte' (Giulia Cosentino & Perla Sardella, 2025) eta 'Ultramarino' (Maren Zubeldia & Silvina Guglielmotti, 2025).

Zinebiren nazioarteko film laburren lehiaketako sarien zenbatekoa handitu egingo da aurten, eta hala gertatuko da, adibidez, Zinebi Sari Nagusiarekin, lehen aldiz ia 20 urtean 8.000 eurora igo baita bere zuzkidura.

Ramia Beladel artista eta Marrakexeko Film Laburren Jaialdiko zuzendariak, Callisto McNulty idazle eta zinemagile frantsesak, Norika Sefa zuzendari kosovoarrak, Daniel Suljic animaziozko zinema zuzendari eta musikari kroaziarrak eta Santiago Tabernero zuzendari eta gidoilari espainiarrak osatuko dute nazioarteko epaimahaiak.

Sari Nagusiarein batera, Euskal Film Labur Onenaren Saria (6.000 euro), Espainiako Film Labur Onenaren Saria (6.000 euro), Dokumental Labur Onenaren Mikeldi Saria (5.000 euro), Fikziozko Film Labur Onenaren Mikeldi Saria (5.000 euro) eta Animaziozko Film Labur Onenaren Mikeldi Saria (5.000 euro) ere banatuko dira.