Herritarrek Lottu marka aukeratu dute Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) aldiriko trenen zerbitzua izendatzeko, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak jakinarazi duenez.

Hain zuzen ere, Mugikortasun Jasangarriaren Sailak sustatutako inkesta bi aste egon da martxan Irekia webgunean, eta parte hartu duten herritarren %55ek baino gehiagok egin dute Lottu aukeraren alde, Lurbil (%30,4) eta Besaide (%14,4) izenen aurretik.

Hiru aukerek "lurraldearekiko hurbiltasuna iradoki nahi dute", Mugikortasun Jasangarriaren Sailak "gero eta hurbilago dagoen zerbitzua eskaintzeko duen interesaren ildotik". Ildo horretan, Lottu irudimenezko hitza da, lotura gogora ekartzen duena.

Aldiriko trenen zerbitzua urtarrilaren 1ean eskualdatu zitzaion Eusko Jaurlaritzari, nahiz eta Renfek lanean jarraitzen duen oraindik zerbitzuan. Bost linea dira guztira -lau Bizkaian eta bat Gipuzkoan-, Arabako Lautadako zerbitzu berriaz gain.

Lehen urte honetan, Mugikortasun Jasangarriaren Saila zerbitzuan hobekuntzak ezartzeko lanean ari da, hala nola urtarrilean Bilbo-Urduña C-3 linean egindako aldaketak, Araban zerbitzuak gehitzeko lanak, datozen hilabeteetan abiatuko den Karrantza eta Aranguren arteko lotura edo irisgarritasuneko aurrerapenak.

Hobekuntza horiekin batera, marka berria eta bereizia sortu nahi izan da, eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailak herritarrek bozketan parte hartu izana eskertu du, aldiriko tren zerbitzuak etorkizunean izango duen izenari buruzko erabakiaren partaide izateagatik.