Euskaltzaindiak bere webgunean jarri du Jokin Zaitegi idazle, irakasle, apaiz eta ohorezko euskaltzainaren dokumentu-bilduma, Euskararen Akademiak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Jokin Zaitegi (1906-1979) Arrasaten (Gipuzkoa) jaiotako idazle, itzultzaile, irakasle eta apaiza izan zen, eta modu askotara sinatu zituen bere lanak: 'Udalaizpe', 'Artzai', 'Zaitegítar Iokin' eta beste hainbat.
Lan horietan guztietan, bi elementu hauteman daitezke: euskaltzaletasun sutsu bat eta fede kristau sakona. Hirugarren elementu bat ere erantsi daiteke: filosofia eta teologiarako maitasuna
Bere garaian mota askotako lanak egin bazituen ere, batez ere euskal kulturaren eragile eta bultzatzaile gisa nabarmendu zen; 'Euzko Gogoa' (1950-1959) aldizkaria izan zen emaitza nagusia, baina ez bakarra, ugariak baitira haren eskutik jaiotako lanak: poesiak, saiakerak, artikuluak eta, bereziki, itzulpenak.
ELEMENTUAK
Lan horietan guztietan, bi elementu hauteman daitezke: euskaltzaletasun sutsu bat eta fede kristau sakona. Hirugarren elementu bat ere erantsi daiteke: filosofia eta teologiarako maitasuna. Izan ere, Zaitegiren euskaltzaletasunak "herri xehearen hizkuntzatik edaten zuen, baina helburutzat zeukan elite euskaltzale bat sortzea, herria gidatuko zuen elite bat".
Zaitegik betidanik izan zuen harreman handia Euskaltzaindiarekin, bizitzaren azken urteotan oraindik gehiago estutu zena, zahartuta eta gaixorik Oñatiko zaharren egoitzan babestu zenean, Luis Villasante eta beste euskaltzain batzuk joaten baitzitzaizkion bisitan. Hil eta gero, haren ondarea bitan banatu zen: biblioteka Arrasateko Udalak hartu zuen (han dago ordutik) eta artxiboa Euskaltzaindiak, ondorioztatu dute.