Jose Luis Agreda ilustratzaile eta zuzendari artistikoak sortu du Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 67. edizioaren irudi ofiziala. Bilboko Udalak antolatutako jaialdia azaroaren 21etik 28ra ospatuko da aurten.

Bada, Bilboko Udaletik jakinarazi duenez, Agreda aukeratu dute "nazioartean duen izen onagatik eta Bilborekin duen lotura sakonagatik". Joseba Lopezortega Zinebiren zuzendariak "ikus-entzunezko sorkuntzan taldeak duen aniztasunaren eta indarraren garrantzia islatuko zuen irudi bat" egiteko eskatu zion, eta, bere ustez, helburu horiek "erabat beteta" geratu dira azken obran.

Zinebiren 67. edizioaren kartela bere "indar kromatikoagatik eta ikusmen dinamismoagatik" nabarmentzen da. "Hondo hori zirraragarriarekin, konposizioak energia, mugimendua eta talde lana transmititzen ditu, zinemaren bizitasuna eta jaialdian parte hartzen duten ahotsen aniztasuna islatuz, adierazi dute".

HIZKUNTZA GRAFIKOA

Hizkuntza grafiko "garaikide, fresko eta ezaguterraz baten aldeko apustua" egin du egileak, "non irudi estilizatuak eta plano gainjarriak nagusitzen diren, filmaketaren ekintza gogorarazten dutenak". "Marra garbiak eta proportzioen jokoak belaunaldi desberdinetako publikoekin konektatzeko gai den itxura baikorra eta modernoa ematen dute", gaineratu dute.

Bilboko Udalaren arabera, lanak Zinebiren nortasuna indartzen du, "sorkuntzarako, elkarrizketarako eta herritarren partaidetzarako gune bizia" baita, eta, aldi berean, egilearen ibilbidearekin lerrokatzen da, betiere ilustrazioaren, narratiba bisualaren eta kultura herrikoiaren arteko elkarguneari adi. Agredaren beraren hitzetan, "zinema bultzatzen duen indar kolektiboa" irudikatzen duen kartela da.

Jose Luis Agreda 1971n jaio zen Sevillan eta lotura estua du Bilborekin, Bizkaiko hiriburuan bizi izan baitzituen haurtzaroa eta nerabezaroa, eta bertan eman zituen lehen urratsak marrazkilari gisa

Jose Luis Agreda 1971n jaio zen Sevillan eta lotura estua du Bilborekin, Bizkaiko hiriburuan bizi izan baitzituen haurtzaroa eta nerabezaroa, eta bertan eman zituen lehen urratsak marrazkilari gisa. Bilbon euskal fanzineetan eta La Comictiva aldizkarian argitaratzen hasi zen.

Bere ibilbidea sendotu egin zen Cosecha Rosa komiki lan sarituekin eta El Jueves bezalako lan ezagunekin. Aldi berean, Buñuel en el laberinto de las tortugas (2020) eta Robot Dreams (2023) filmen zuzendari artistiko gisa ibilbide bikaina egin du animaziozko zineman, bi Goya Sari jaso ditu eta Oscarretarako izendatu dute. Horrez gain, laster estrenatuko den Decorado Alberto Vazquezen film luze berrian egindako lana ere nabarmendu behar da.