Ane, Laia eta June izan dira izen ugarienak neskatoetan eta Oihan, Martin eta Markel mutikoetan azken hiru urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Eustat euskal estatistika erakundeak jakinarazi duenez.

Zehazkiago, Ane da gurasoen lehentasunean lehen postuan dagoen neskato izena, 1998tik gertatu den bezala (datuak hiru urteka hartuz); bigarren eta hirugarren postuetan Laia eta June daude, hurrenez hurren, eta ondoren, Malen, Nora eta Nahia azaltzen dira.

Era berean, mutiko izenei dagokienez, Oihan da gogokoena, eta ondoren datoz Martin eta Markel; horien atzetik, Julen, Aimar eta Luka dira gustukoenak.

Bestalde, 2022-2024 aldirako neskatoen 25 izen nagusien multzoan Maren sartu eta Naia atera da, 2020-2022 aldiarekin alderatuta; mutilen izenei dagokienez, Hugo, Paul, Izan eta Liam sartu dira taldean, Iker, Ekhi, Adei eta Hodeiren ordez.

Erregistro Zibilak gehienez bi izen bakun edo konposatu bat jartzeko aukera ematen du, eta ehun izen ugarienen artean ez da konposaturik agertzen, garai batean oso-oso ohikoak ziren arren.

Bestalde, euskal izenak dira nagusi, eta batzuetan bi grafia agertzen dira; besteak beste, Ane-Anne, June-Yune-Iune, Leire-Leyre, Nahia-Naia, Jon-Ion edo Aritz-Haritz dira horietako batzuk, baina izen desberdin gisa tratatzen dira.

Erregistro Zibilak gehienez bi izen bakun edo konposatu bat jartzeko aukera ematen du, eta ehun izen ugarienen artean ez da konposaturik agertzen, garai batean oso-oso ohikoak ziren arren

Amen nazionalitatea kontuan hartuz gero, atzerriko nazionalitatekoek ere, aldi horretako jaiotza guztien %25,1ekin, izen euskaldunak aukeratu zituzten, batez ere alabentzat, baina ordena orokorrari dagokionez aldeak izan ziren.

GOGOKOENAK

Horrela, neskatoen kasuan, bost izen gogokoenen artean bi euskaldun daude: Alaia (arabieraz ere badu esanahia) eta Ainara, lehen eta bosgarren postuetan, hurrenez hurren. Zerrendako bigarren postuan Amira agertzen zen, eta, ondoren, Sofia eta Sara, laugarren postuan.

Mutikoen kasuen, ez dago izen euskaldunik lehenengo bosten artean, eta Ander da agertzen den lehena, hamargarren postuan. Lehenengo postuan Adam (izen hebrearra) agertzen da, bigarrenean Mohamed (jatorri arabiarrekoa), hirugarrenean Mateo, laugarrenean Rayan eta bosgarrenean Liam.

Bestalde, 2022-2024 aldiko 40.026 jaiotzak kontuan hartuta, aldi horretan ama izan ziren emakumeen artean hamar izen ohikoenak Maria, Leire, Nerea, Amaia, Ane, Laura, Ainhoa, Naiara, Maitane eta Janire izan ziren.

Emakumeen belaunaldi horietan, gehienak 1982 eta 1995 artean jaiotakoak, hamar izen ohikoenetatik zortzi euskaldunak ziren, baina oraindik gaztelaniazkoak eta Maria zeramatenak agertzen ziren.

Urte horietan aita izan ziren gizonei dagokienez, hamar izen errepikatuenak Mikel, Jon, Aitor, Iker, David, Asier, Iñigo, Ander, Xabier eta Javier izan ziren. Kasu honetan, aita horiek batez ere 1979 eta 1993 bitartean jaio ziren; garai horretan izen konposatuen lekua izen soilek hartuta zuten, eta izen euskaldunak jada nagusi ziren.