Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak Ertzaintzaren eta Microsoft Ibérica konpainiaren arteko jarduketa-protokolo orokor bat sinatzea onetsi du, Ertzaintzaren Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz taldea zibersegurtasunaren arloan prestatzeko. Helburu zehatza da Euskadiko ikastetxeetako ikasleak zibersegurtasunaren arloan sentsibilizatu, informatu eta kontzientziatzeko prebentzio programa horretan lan egiten duten ertzainen gaitasunak hobetzea.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Eusko Jaurlaritzaren arabera, Ertzaintzaren eta Microsoft konpainiaren arteko lankidetzak "nabarmen lagunduko du zibersegurtasunari buruzko azken joerak Euskadira hurbiltzen, agenteek ikasleak ziurtasun handiagoz prestatu ahal izan ditzaten ingurune digitalean beharrezkoa den autobabesean".

Helburu zehatza da Euskadiko ikastetxeetako ikasleak zibersegurtasunaren arloan sentsibilizatu, informatu eta kontzientziatzeko prebentzio programa horretan lan egiten duten ertzainen gaitasunak hobetzea

Protokoloa urtebete egongo da indarrean, eta beste urtebete luzatu ahal izango da. Horrela, prestakuntza eta baliabideak partekatuko dira Ertzaintzako taldeei zibersegurtasunaren arloko trebetasun teknikoak eta gaitasunak garatzen eta eguneratuta mantentzen laguntzeko.

AHOLKULARITZA

Aholkularitza eta orientazioa emango da prebentzio eta komunikazio programen eraginkortasuna hobetzeko moduari buruz, bai eta Ertzaintzaren eta beste erakunde batzuen arteko komunikazioa eta lankidetza hobetzen lagundu dezaketen tresna eta teknologiei buruz ere. Lurraldean prebentzioa eta komunikazioa sustatzeko ekitaldien eta jardueren antolaketan elkarlanean jardungo dute bi aldeek, ondorioztatu dute Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailetik.