Amiantoaren biktimek material horrekiko esposizioak eragindako kalte eta galerak ahal den neurrian edo osorik erreparatzeko sortutako konpentsazio funtsean aurreikusitako diru laguntzak eskuratzeko beharrezko ziurtagiria eskatzeko izapideak hasi ahalko dituzte ostegunean, irailaren 18an, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak asteazken honetan emandako aginduak ezarri duenez.

Agindu horren bidez sortu eta eratu da irizpenaz arduratuko den Amiantoaren Biktimen Balorazio Taldea. Irizpen hori hartuko da oinarritzat Osasun Publikoko Zuzendaritzak laguntzen onuradunek amiantoaren eraginpean egotetik eratorritako patologiak egiaztatzen dituen ziurtagiria emateko.

Horrela, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) ostegunean argitaratuko du agindua, eta eraginpeko pertsonek eskaerak elektronikoki aurkeztu ahal izango dituzte www.euskadi.eus atariaren bidez, bai eta aurrez aurren ere, Zuzenean zerbitzuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen egoitzetan. Bi kasuetan, eskaera bete beharko dute, eta ekainaren 17ko 483/2025 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritako dokumentazioa erantsi.

OSASUN PUBLIKOA

Osasun Publikoko teknikari batek, Laneko Osasunean aditua den Osalaneko mediku batek eta Ingurumeneko Osasunean aditua den Osasun Publikoko teknikari batek osatuko dute Amiantoaren Biktimen Balorazio Taldea.

Agindu horren bidez sortu eta eratu da irizpenaz arduratuko den Amiantoaren Biktimen Balorazio Taldea

Taldeak aztertuko ditu aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa, amiantoarekiko esposizioaren jatorriari buruzko irizpidea betetzen dela egiaztatzeko eta ondoren ziurtagiria emateko, laguntzen onuradunek Espainiako Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak izapidetzen dituen konpentsazio ekonomikoak jaso ditzaten. Aginduak hiru hilabeteko epea ezarri du ziurtagiriaren prozedura izapidetzeko, eskaera erregistratzen den egunetik zenbatzen hasita.