Larraitz Ariznabarreta kulturaniztasunean doktorea eta euskal ikasketetan aditua izango da Etxepare Euskal Institutuak New Yorkeko City University-n sustatzen duen Bernardo Atxaga Katedrako aurtengo ikertzaile gonbidatua.

Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, 1960ko hamarkadako euskal poesiaren belaunaldia: literatura, militantzia eta utopia du izena katedran zehar landuko duen ikastaroak, eta 1960ko hamarkadan Euskal Herrian sortu zen poesia konprometituaren agerpena eta bilakaera izando ditu aztergai.

Besteak beste, Historia eta brandingaren artean: Euskal Herriko eraldaketa kultural eta politikoak 1970. hamarkadatik mintegi-hitzaldia eskainiko du Ariznabarretak, irailaren 19an.

Bere ikerketa jarduera euskal kultur ikasketen arloan garatu du

Larraitz Ariznabarreta Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria da. Aurretik, Boise State University-n eta Renoko University of Nevada unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroan aritu da irakaskuntza eta ikerkuntza lanetan.

Bere ikerketa jarduera euskal kultur ikasketen arloan garatu du, eta ikuspegi horretatik aztertu ditu euskal kulturaren barruan sortutako artefaktu historiko zein garaikideak, testuinguru estetiko, politiko eta sozialekin elkarreraginean.

IKERKETA

Bere ikerketa esparru nagusiak euskal kulturaren adierazpide anitzen azterketan eta horiek botere egiturekin duten harreman dinamikoan ardaztu dira.

Ariznabarretak euskal literatura eta kultura garaikidearen zein historikoaren inguruko hainbat artikulu zientifiko eta liburu atal argitaratu ditu nazioarteko aldizkari akademikoetan eta argitaletxe espezializatuetan.