Bilboko Udalak Eszena Kalera kaleko arteen zirkuituaren beste edizio bat antolatu du astelehen honetatik irailaren 30era arte, eta 17 euskal konpainiaren 32 emanaldi eskainiko ditu hiriko auzoetan.
Zirkua, magia, musika, kale antzerkia, animazio antzerkia, clownak, dantza, dantza bertikala edota txotxongiloak izango dira, besteak beste, euskaraz eta gaztelaniaz, elebidunak eta testurik gabeak, antolakuntzak jakinarazi duenez.
Eszena Kalera ekimenaren aurtengo edizioan parte hartuko duten taldeen artean daude Zirika Zirkus, Goitibera, Orain-Bi, Hodei Magoa, Hortzmuga, Ganso & Cía, DAB dantza konpainia, Picuentos edota Rojo Telón.
Era berean, Zirkozaurrek 'Zirkoteka' haurrentzako zirku tailerrak eskainiko ditu irailaren 15ean Indautxu plazan, eta adingabeek zirkuko elementuak praktikatu ahalko dituzte, hala nola malabareak, oreka, akrobaziak eta aireko ariketak.
Eszena Kalera zirkuituaren programazio osoa doakoa da eta kaleko ikuskizunak esparru irekietan goza daitezke, aldez aurretik sarrera edo lekua erreserbatu beharrik gabe.
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, Gasteizko Montehermoso Kulturunean egiten den Klaustro Sounds zikloaren 2025. urteko denporaldiko azken bi kontzertuetarako sarrerak salgai daude astelehen honetatik kulturunearen webguneko 'Klaustro Sounds 2025' atalean.
Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, alde batetik, irailaren 28an, Lohi Ensemble taldeak piano-harpa bat oinarri hartuta egindako musika tresna bat aurkeztuko du. Inprobisazio saio baten bidez, harparen soinuak eta elementu elektroakustiko eta elektronikoak nahastuz eta integratuz, taldeak "elkarrizketa organikoa" sortu nahi du espazioarekin eta entzuleekin.
Klaustro Sounds zikloak generoak eta formatuak zeharkatzen dituzten soinuen aldeko apustua egiten du, "Montehermoso Kulturuneko Klaustroan sortzen den espazio eta giro bereziaren arkitekturarekin hitz egiten duten proposamenak jasoz"
Beste alde batetik, Klaustro Sounds zikloaren aurtengo edizioa bukatzeko, Libe ariko da azaroaren 23an. Abestiak ahotsetik hasita sortzen ditu gasteiztazrrak, piano eta sintetizadoreekin lagunduta, eta hortik aurrera hazten doaz gitarra atmosferikoen eta erritmo distortsionatuen geruzei esker.
Klaustro Sounds zikloak generoak eta formatuak zeharkatzen dituzten soinuen aldeko apustua egiten du, "Montehermoso Kulturuneko Klaustroan sortzen den espazio eta giro bereziaren arkitekturarekin hitz egiten duten proposamenak jasoz".