Síguenos en redes sociales:

Daniel Hendlerren '27 noches' filmak irekiko du 73. Donostia Zinemaldiaren Sail Ofiziala

Daniel Hendlerrek (Montevideo, 1976) protagonista gisa ere parte hartzen du filmean, alabek psikiatriko batean sartuko duten laurogeitaka urteko emakume aberats bat hezurmamitzen duen Marilu Marinirekin batera

Daniel Hendlerren '27 noches' filmak irekiko du 73. Donostia Zinemaldiaren Sail OfizialaUtzitakoa

Daniel Hendler zinemagile uruguaiarraren 27 noches / 27 Nights filmaren mundu mailako estreinaldiak inauguratuko du irailaren 19an 73. Donostia Zinemaldiaren lehiaketako Sail Ofiziala, eta Kasia Adamik zuzendari poloniarraren Winter of the Crow lanak bukatuko du irailaren 27an, lehiaz kanpo, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Daniel Hendlerrek (Montevideo, 1976) protagonista gisa ere parte hartzen du filmean, alabek psikiatriko batean sartuko duten laurogeitaka urteko emakume aberats bat hezurmamitzen duen Marilu Marinirekin batera.

Hendlerrek Zinemaldiko Zinema Eraikitzen Saria irabazi zuen Norberto apenas tarde (2010) lanarekin, eta sail berean El candidato (2016) filmarekin ere parte hartu zuen, Koprodukzio Foroan hautatu ondoren. Aurten beste film bat du programatuta Donostian, Horizontes Latinos sailean: Un cabo suelto / A Loose End.

Kasia Adamik varsoviarraren Winter of the Crow Poloniak, Erresuma Batuak eta Luxenburgok batera ekoitzitako thrillerra da eta Gerra Hotzean girotuta dago, 1980ko hamarkadan, Olga Tokarczuk 2018ko Literaturako Nobel saridunaren- narrazio labur batean oinarrituta. Protagonista Leslie Manville aktore britainiarra da.

Adamikek gidoigile gisa ere egin du lan, eta 1981eko abenduan Poloniara mintzaldi bat ematera iritsitako irakasle britainiar baten istorioa kontatzen du, jakin gabe justu orduan gerra legeari hasiera emango zitzaiola.

SARRERAK

Bestalde, inaugurazio galarako (Esther Garcia ekoizleari Donostia Saria emango zaio bertan), amaierako galarako eta Jennifer Lawrence aktore estatubatuarra Ohorezko Donostia Sariarekin aintzatesteko ekitaldirako (irailaren 26an) sarrerak asteartean jarriko dira salgai, irailaren 2an. Hiru saioak Kursaal auditoriumean izango dira, eta amaierako ekitaldiaren bi film luzeren emanaldiak belodromoan egingo dira irailaren 27an.

Bigarren urtez jarraian, Donostia Zinemaldiko galak El Terrat ekoiztetxeak idatzi eta zuzenduko ditu. Silvia Abrilek, Toni Acostak eta Itziar Ituñok irailaren 19ko inaugurazio ekitaldia aurkeztuko dute 20:30ean; Esther Garciak Donostia Saria jasoko du eta Fipresci Sari Nagusia emango da bertan. Epaimahai Ofiziala Daniel Hendlerren '27 noches' baino lehen aurkeztuko da.