Innobasquek Berrikuntzaren Euskal Agentziak urteko azken lauhilekorako doako formakuntza eskaintza prestatu du, Euskadiko enpresa eta antolakundeen gaitasun berritzaileak hobetzeko helburuarekin, eta 21 ikastaro eskainiko ditu Formakuntza Berrikuntzan programaren katalogo berrian.
Innobasquek jakinarazi duenez, lehen seihilekoan emandako beste 25 formakuntza saioak osatzera datoz ikastaro berriak. Horrenbestez, urte osoan zehar "prestakuntza iraunkorra, osoa eta jarraitua bermatuko da" agentziaren eskutik.
Formakuntza ikastaroak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egingo dira, Innobasqueren konpromisoa berrikuntza EAE osoko enpresa eta entitateetara hurbiltzea baita, eta haiei guztiei prestakuntza espezializatua eta kalitatezkoa bideratzea.
Urteko bigarren erdiko ikastaroak hiru bloketan banatu dira, eta bakoitza profil jakin bati zuzenduta dago: alde batetik ETEak, bestetik beren I+G+B arloa nazioartekotzeko interesa duten entitateak eta, azkenik, erakunde bazkideentzat berariaz antolatutako ikastaroak. Nolanahi ere, ikastaro guztietan berrikuntzaren ikuspegi praktikoa da ardatza.
Era horretara, enpresa munduan entzute eta eskarmentu handia duen irakasle talde bati esker, Innobasquek partaideen beharrizan eta errealitatera egokitu du prestakuntza. Hala, formakuntzaren bidez, jarraibideak eta tresnak emango dizkie praktikan jartzeko, eta sarbidea eskainiko die berrikuntzaren euskal sistemara eta edozein prozesu eraldatzailetan bidelagun izan ditzaketen eragileen sarera.
Enpresa txiki eta ertainen kasuan, ikastaroak irailaren 18an hasiko dira Bilbon, eta azaroaren 20an amaituko; Bilbon ez ezik, Donostian eta Gasteizen ere izango dira ikastaroak.
Beren I+G+B arloa nazioartekotzeko interesa duten enpresei zuzendutako ikastaroen blokea irailaren 16an hasi eta azaroaren 18an amaituko da, eta ikastaro guztiak Innobasqueren Zamudioko egoitzan izango dira.
Berariaz erakunde bazkideentzat antolatutako ikastaroei dagokienez, irailaren 17an hasi eta abenduaren 11n bukatuko dira. Horiek ere aurrez aurreko formatuan egingo dira Innobasqueren egoitzan. Bazkideei bideratutako formakuntzan, berrikuntzarekin lotutako saio orokorrak eta sektore edo gai jakinei lotutako ekintza espezifikoak eskainiko dira, azken horiek lehenbailehen praktikan jartzeko asmoz.
Aurreko seihilekoan 254 euskal entitatek hartu zuten parte Innobasqueren prestakuntza programan. Partaideek, gainera, ikastaroen oso balorazio ona egin zuten ebaluazioetan, 10etik 8,9 puntu emanez, eta batez ere izaera praktikoa eta enpresen benetako erronkekin bat etortzea nabarmendu zuten.