Aukera berdintasunaren eta desgaitasunen bat duten pertsonen bizi kalitatea hobetzearen aldeko apustua
BBK-k eta Bidaideak elkarteak bien arteko lankidetza indartu dute
BBK-k eta Bidaideak elkarteak bien arteko lankidetza indartu dute Bizkaian kirol egokitua sustatzeko egin duten aliantza estrategiko berriarekin. Akordioaren esparruan, gurpil aulkiko saskibaloi taldeak BBK Bidaideak izenarekin jarraituko du, eta gizarteratzeko, aukera berdintasunerako eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko duten konpromiso partekatua islatuko da.
BBK-ko iturriek jakinarazi dutenez, desgaitasunen bat duten pertsonei gainerakoen baldintza berdinetan parte hartze soziala eragozten dieten oztopoak desagerrarazten ahalegintzen da Bidaideak erakundea, haien autonomia eta ongizatea sustatuz hainbat arloren bitartez, hala nola aisialdia, prestakuntza, lan sustapena eta kirola. 2012tik, gurpil aulkiko saskibaloi taldea kudeatzen eta babesten du, eta kirol horretan Europako erreferentea izatea lortu du.
BBKrekin duen aliantzari esker, erakundeak kirol egokitua eta horren onurak sustatzen jarraitu ahal izango du errehabilitazioaren eta gizarteratzearen arloetan eta garapen profesionalean. Izan ere, maila gorenean lehiatzeaz gain, taldeak hitzaldiak eta erakustaldiak egiten ditu ikastetxeetan, dibertsitate funtzionala ikusarazteko eta gizartea sentsibilizatzeko.
BBK-k lankidetza jarraitua du Bidaideak elkartearekin aspalditik, eta bultzatu dituen ekimenen artean daude, besteak beste, Santurtziko Kabiezes auzoko Autonomia Pertsonalerako Zentroaren ekipamendua, 2018an, 2019an eta 2023an Bilbon egindako gurpil aulkiko saskibaloiko Eurokopen babesa, Paracycling Bira babestea 22 urtez, edo ibilgailu egokituak erostea desgaitasuna duten pertsonen garraioa errazteko.
Horrelako ekimenekin, "aukera berdintasunaren eta desgaitasunen bat duten pertsonen bizi kalitatea hobetzearen aldeko apustua" egiten jarraitzen du BBK-k, "lurraldearen eraldaketa sozialean funtsezko eragile gisa duen eginkizuna indartuz".