Síguenos en redes sociales:

UEMAk Salto! udalekuen balorazio positiboa egin du, helburuak bete ondoren

UEMAk Salto! udalekuen balorazio positiboa egin du, helburuak bete ondorenUtzitakoa

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Salto! udalekuen aurtengo edizioaren balorazio positiboa egin du, hasieran ezarritako helburuak bete ondoren. Aurten ere 120 gaztek hartu dute parte, eta gustura itzuli dira etxera, lagun berriak eginda eta ezagutzen ez zituzten herriak eta bazterrak zeharkatuta, Baliarrain, Zaldibia, Ataun eta Idiazabalen barrena.

UEMAk jakinarazi duenez, bederatzi egunez Baliarraindik Idiazabalerako bidea egin ondoren, pasa den ostegunean amaitu zen udalerri euskaldunetako gazteen Salto! udalekuen bigarren txanda.

Ohi bezala, udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea izan da UEMAk antolatu ohi duen udalekuaren helburua, eta horretarako, ekimenez betetako egitarau oparoa izan dute bederatzi egunez, Hezten aisialdi elkarteko hezitzaileen ardurapean.

Udalekuetako ohiko jolas eta ekimenekin batera, euskal kulturarekin eta euskarekin lotutako hainbat jarduera ere izan dituzte egunotan zehar, besteak beste, Euskal Herrian Euskaraz taldeko eta Gazte Euskaltzaleen Sareko kideekin edota UEMAko teknikariekin izandako solasaldiak eta tailerrak.

Irati Odriozola eta June Furundarena UEMAko aisialdi arduradunen hitzetan, "aurten ere helburuak betetzat jo ditugu, eta balorazio positiboarekin eman diegu amaiera aurtengo udalekuen bi txandei. Udalerri euskaldunetako gazteen artean gero eta oihartzun eta arrakasta handiagoa du ekimenak, eta aurten asko hazi da izena ematen dutenen kopurua".

"Zoritxarrez, erdiak baino gehiago kanpoan utzi behar izan ditugu, eta hori da udaleku hauen konturik arantzatsuena. Gainerakoan, oso gustura gaude parte hartu dutenen artean sortu den giroarekin, eta udalerri euskaldunetako gazteen artean sortu diren sareekin", gaineratu dute.