Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen 'EAEko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko 2024ko zifrak' txostenak egiaztatu du genero estereotipoek eta bokazioen segregazioak baldintzatu egiten dituztela emakumeen eta gizonen hezkuntza eta lan ibilbideak, eta bizitzako eremu guztietan arrakalen iraunkortasunean eragina duen faktoreetako bat dela.

Emakunderen Zuzendaritza Kontseiluaren bilera egin da astelehen honetan Lehendakaritzaren egoitzan, Gasteizen, Imanol Pradales lehendakaria buru zela, eta Euskadiko eremu sozial, ekonomiko eta politikoan emakumeen eta gizonen egoeraren bilakaera ikusteko aukera ematen duen dokumentua aurkeztu da bertan, besteak beste.

Pradalesek esan du Jaurlaritzarentzat lehentasuna dela emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, eta, azterlanak erakusten dituen arrakalen aurrean, dei egin du gizarte osoaren lan bateratuaren alde, bakoitzak bere eragin eremuan, berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko.

Ildo horretan, Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategian jasotako 11 jomugak nabarmendu ditu, besteak beste, aurrekontuekin, enpleguarekin, soldata berdintasunarekin, emakumeen aurkako indarkeriarekin edo berdintasunean heztearekin zerikusia dutenak.

Bestalde, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak datu horiek aztertzera gonbitadu du, "gure gizartean oraindik ere dirauten genero desberdintasunei aurre egitera behartzen gaituen erradiografia soziala" erakusten baitute, eta horiek murriztuko dituzten berdintasun politikak bultzatzen jarraitzeko.

Azterketa demografikoak agerian uzten du Euskadi "emakume aurpegia duen gizarte zahartua" dela. 55 urtetik aurrera, emakumeak gizonak baino gehiago dira, eta 90 urtetik gorakoen artean biztanleriaren %73 dira

Bada, azterketa demografikoak agerian uzten du Euskadi "emakume aurpegia duen gizarte zahartua" dela. 55 urtetik aurrera, emakumeak gizonak baino gehiago dira, eta 90 urtetik gorakoen artean biztanleriaren %73 dira. Lanak egiaztatu du amatasunak zigortuta jarraitzen duela, zaintza oraindik ere emakumeen esku dagoelako.

LEGEZKO AURRERAPENAK

Ildo horretan, nahiz eta legezko aurrerapenak izan diren berdintasunezko baimenetan, eta zaintzagatiko eszedentziak dituzten gizonen kopuruak gora egin duen arren, emakumeek beren gain hartzen dituzte adingabeak zaintzeko eszedentzien %87 eta senideak zaintzeko eszedentzien %72, eta horrek eragina du haien ibilbide profesionalean eta osasunean, antsietate eta depresio sintomen kopuru handiagoa baita emakumeen artean gizonen artean baino adin talde guztietan, eta eragin handiagoa du gazteen artean.

Era berean, emakumeen osasun mentalean eragin handia dute zainketen gainkargak, zahartzaroko bakardadeak edo egiturazko indarkeriak, besteak beste.