Markalariak euskarazko komunikazio agentzien lehenengo topaketa egin zen joan den ostiralean, uztailaren 4an, Aretxabaletan (Gipuzkoa), Mondragon Unibertsitatearen campusean, eta sei enpresa elkartu ziren, Euskal Herriko komunikazio agentzien artean topagune bat sortzeko helburuarekin.
Sektoreko profesionalen arteko ezagutza partekatzeko, lankidetza bultzatzeko eta komunikazioaren erronka berriei elkarlanean erantzuteko "espazio inspiratzaile eta kolaboratiboa" izan zen topaketa, bere sustatzaileek jakinarazi dutenez.
Hain zuzen ere, euskarazko komunikazio kanpaina esanguratsuenetako batzuk sinatu dituzten sei enpresak osatzen dute Markalariak sarea: Arteman, AZK, Burutu, Sorland, TaPuntu eta The Niu.
Markalariak euskaraz lan egiten duten komunikazio agentziak biltzen dituen komunitatea da, eta bere helburuen artean dago gizarteari komunikazioaren balio estrategikoa eta sektorearen gaitasuna eskaintzea, egiteko modu onak azalduz eta aitortza sustatuz.
Era berean, sareak ezagutza elkarbanatzeko eta harrotasun profesionala lantzeko topagune inspiratzailea sortzea bilatzen du, bai eta talentua erakartzea eta belaunaldi berriei euskaraz sortzeko pizgarri eta eredu izatea ere. Euskal komunitatetik sortzen diren "komunikazio joeren bozgorailu izatea" da sarearen beste helburu bat.
Topaketa Iratxe Reparaz zuzendari artistikoaren hitzaldiarekin abiatu zen; bere inspirazio iturriez eta proiektuez aritu zen, eta parte hartzaileentzako hausnarketarako abiapuntu izan zen.
Ondoren egindako mahai inguruetan sektorearen oraina eta etorkizuna jorratu ziren: ideiak partekatu, lankidetza aukerak aztertu eta adimen artifizialaren erronkei buruzko iritziak elkarbanatu ziren. Halaber, talentuaren erakarpena eta euskararen erabileraren sustapena izan ziren ardatz nagusietako batzuk.
Etorkizunari begira, Markalariak komunitateak sektorean euskaraz lan egiten duten enpresa gehiago biltzea du helburu, sektorearen beharrei modu zabal eta eraginkorrean erantzun ahal izateko.