Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Plentziako (Bizkaia) Itsas Estazioko (PiE-EHU) ikertzaile talde batek sustatutako 'Kontuz! Ez nazazu zapaldu!' ekimenak ohorezko aipamena lortu du 2025eko Herritarren Zientziarako Europako Batasunaren sarietan.
Europan aurrerapen zientifikoa eta gizarte onura bilatzen duten, herritarrak aktiboki inplikatzen dituzten eta, beraz, gizarte zibil ireki eta inklusiboa sustatzen duten ekimenak aintzatesteko sariak dira. Lehiaketaren helburuak dira proiektu aitzindariak ezagutaraztea eta laguntzea eta herritarren zientzia jendeari hurbiltzea, EHUko iturriek jakinarazi dutenez.
Ars Electronica institutuak antolatzen du sariak emateko ekitaldia, Europako Batzordearen izenean, Impetus proiektuaren baitan eta gizarte plural, inklusibo eta jasangarri baten aldeko eragin sozial eta politikoa duten proiektu bikainak saritzen eta sustatzen ditu.
Organismo mikroskopikoen 3D modeloak, piktogramak eta irakurketa errazeko materialak erabiltzen ditu, herritar zientzialarien lankidetzan benetako inklusioa bermatzeko
Bada, nazioarteko epaimahai batek hautatu du 'Kontuz! Ez nazazu zapaldu!' proiektua, herritarren zientziaren arloan egindako ekarpen esanguratsuagatik. Aipamenarekin, EHUko Plentziako Itsas Estazioko ikertzaileen ekimena Europako herritarren zientziako praktika onen adibidetzat jo dute.
'Kontuz! Ez nazazu zapaldu!' proiektuak 3.000 parte hartzaile baino gehiago izan ditu 2022tik, hala nola gazteak, adinekoak, emakume migratzaileak, gazteentzako justiziako prozesuetan dauden gazteak eta desgaitasunak dituzten pertsonak, eta zientzia prozesuaren fase guztietan aktiboki parte hartu dute, "beren ingurumenaren kontzientziazioaren eta babes beharraren eragile aktibo bihurtuz".
STEAM metodologia eta itsasoko ikerketarako tresna irisgarriak erabiliz, proiektuak itsas hondartzetako bizitza mikroskopikoa ikusarazi du lehen aldiz gizarte osoarentzako eskuragarri den ingurune natural batean.
Organismo mikroskopikoen 3D modeloak, piktogramak eta irakurketa errazeko materialak erabiltzen ditu, herritar zientzialarien lankidetzan benetako inklusioa bermatzeko.
BESTE DATU BATZUK
Horrela, gizartean tradizionalki ikusezinak diren pertsonak ingurumen kontzientziazioan parte hartze aktiboa izateko aukera izaten ari dira, kalitatezko datuak sortuz eta hizkuntza zientifikoa eta ingurumen kontzientzia sustatuz. Bereziki Euskal Herriko hondartzetan dagoen mikrobiodibertsitatearen eta kutsaduraren ikusgarritasuna handitu du ekimenak.
'Kontuz! Ez nazazu zapaldu!' proiektua Ars Electronica 2025 jaialdiaren katalogoan sartuko da. Jaialdia irailaren 3tik 7ra bitartean egingo da Linzen (Austria).