Karmele Mitxelenak idatzitako 'Benetako zirkua' nobela laburrak irabazi du 2025eko Mikel Zarate haur literatura saria. Horrela, idazle oiartzuarrak eramango du 4.000 euroko saria, eta liburua, berriz, Elkar argitaletxeak plazaratuko du.

Horrela erabaki du Leire Bilbaok, Maribel Aiertzak eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, Elkar argitaletxeko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten Mikel Zarata haur literaturako saria, Bizkaiko udalerri horretako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzatzaile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamabosgarren ekitaldia izan da aurtengoa.

Karmele Mitxelenak berak irabazi zuen duela hiru urte saria, eta azken bi urteetako irabazleak Lur Gallastegi eta Ruben Ruiz izan dira.

Aurten zazpi lan lehiatu dira guztira, eta horien artean Mitxelenak idatzitako kontakizuna hautatu du epaimahaiak. 'Benetako zirkua' eleberri labur bat da, herri txiki batera zirku italiar bat iritsiko dela eta, bertako haur talde batengan piztutako sentimenduak eta biziko dituzten abenturak kontatuko dituena, "samurtasunez, umorez eta kritika sozial ukitu batzuekin".

Karmele Mitxelena Etxebeste 1988an jaio zen Oiartzunen (Gipuzkoa). Sari ugari irabazitakoa da, hala bertso idatzietan nola literaturan, haurrentzako nahiz helduentzako narratiban.

Bere liburuen artean aipa daitezke 'Marrubizko uda' (Mikel Zarate saria, 2022), 'Haragizko mamuak' (ipuin bildumen Kutxa saria, 2022), 'Zoriona edo antzeko zerbait' (Augustin Zubikarai saria 2024 eta urte bereko narratiba lan onenaren Kritika Saria).