Makusi EITBren haur eta gaztetxoentzako euskarazko 'streaming' plataformak eta unibertso digitalak urtebete egingo du larunbatean, apirilaren 26an, eta 12 hilabeteotan aukera eman die bere hartzaileei 840.000 ordu baino gehiago kontsumitzeko euskaraz eta ingurune seguruan.

EITBko iturriek jakinarazi dutenez, Go!azen, Irabazi Arte, Dragoi Bola, Txakur Patruila, Miragarri: Ladybug eta Cat Noirren abenturak eta Potx eta Lotx dira eduki arrakastatsuenak plataformako harpidedun diren 48.000tik gora erabiltzaileen artean. Horietako asko eta asko, gainera, klubeko kide ere badira, Makusi klubak 30.733 kide baititu une honetan, eta kopurua etengabe hazten doa.

"Zalantzarik gabe euskarazko doako eduki eta eskaintza onenaren inguruan komunitate sendoa sortu du Makusik, jaio eta denbora gutxian, eta horren adierazgarri da txikienei zuzendutako ekitaldien arrakasta: ia 40.000 pertsonak parte hartu dute aurrestreinaldi, jai eta kaleko hitzorduetan", nabarmendu dute EITBtik.

Horrela, lehen urteurrena behar bezala ospatzeko, Makusik festa berezia antolatu du ikastetxeekin apirilaren 30erako, 11:00etan, EITBren Bilboko egoitzan. Ez dira faltako Potx eta Lotx pailazoak eta Makusi unibertsoko hainbat protagonista, eta sorpresaren bat ere iragarri dute.

Apirileko ospakizunen ostean, maiatza ere indartsu dator Makusin, plataformak bi ekoizpen propio estreinatuko baititu: 'Mari sorgin ehiztari' fikziozko telesaila, 10-14 urte bitarteko gaztetxoei zuzendua, eta 'Ameslarien banda', animazio birtualarekin landutako txotxongiloak, 3 eta 6 urte arteko haurrentzat.