Ekologistak Martxan erakundeak 2025. urteko Atila sarietarako deialdia egin du, ekainaren 5ean ospatuko den Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta, azken urtean "ingurumena suntsitzen lagundu dutenak nabarmentzeko".

Erakundeak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, NBEren Batzar Nagusiak 1972an ezarri zuen Ingurumenaren Nazioarteko Eguna, ingurumenari buruzko munduko lehen goi-bilerarekin batera, ingurumenaren kontzientzia handitzeko eta ingurumena babesteko ekintza globala sustatzeko helburuekin.

Hori dela eta, Ekologistak Martxan erakundeak eta Ecologistas en Acción taldeko gainerako elkarteek Atila sarietarako deialdia egin dute aurten ere, "ingurumena suntsitzen lagundu duten pertsonak, erakundeak edo proiektuak nabarmentzeko eta salatzeko".

Sariak 1992an eman ziren lehen aldiz, Rio de Janeiroko Lurreko Gailurrarekin batera, eta bi kategoria dituzte: Atila eta Atilaren Zaldia. Edozein pertsonak jo dezake elkartera gizabanako edo erakunde juridikoren baten izendapena proposatuz, eta "merituak" zehaztu beharko ditu.

Izendatuek sarietako edozein ataletan parte hartu ahal izango dute: ekintza ankerragoa, tontakeria nabarmenagoa, natura suntsitzeko funts publikoak edo pribatuak bidegabe erabiltzea eta lardaskeria handiagoa.

https://www.ecologistasenaccion.org/8122/ webgunean egin daitezke proposamenak, maiatzaren 31ra arte, hautagaia eta merezimenduak adieraziz. Epaimahaiaren erabakia ekainaren 4an jakinaraziko da, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren bezperan.

Iazko edizioan sarituak izan ziren Bizkaiko Foru Aldundia eta bere Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatu ohi eta Jaurlaritzako egungo lehendakari Imanol Pradales (Atila Saria), Urdaibaiko Biosfera Erreserban Guggenheim museo baten "proiektu ekozidoarekin" aurrera egiten saiatzeagatik, eta Donostiako Udala (Atilaren Zaldia), "hiriko zuhaitzak eta berdeguneak suntsitzeko duen grinagatik".