Josu Waliño Puntueus Fundazioaren arduradun nagusiak eta Victor Lizarribar Euskaldendak Konfederazioko lehendakariak bi aldeen arteko lankidetza hitzarmena berritu dute Donostiako Bagera euskara elkartearen egoitzan.

Puntueus Fundazioa .eus domeinuaren kudeaketaz arduratzen den erakunde pribatua da, eta bere misioa euskararen, euskal kulturaren eta teknologiaren sustapena da. Euskaldendak, berriz, Euskadiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen enpresa konfederazio handiena da, eta 6.500 establezimendu baino gehiago ordezkatzen ditu.

Bada, merkataritza erakundeko iturriek jakinarazi dutenez, biek ala biek duela urtebete sinatu zuten lehen aldiz lankidetza hitzarmena, helburu bat partekatzen baitute: euskara susstatzea ingurune digitalean.

Horrela, Euskaldendak-ek hitzarmenaren abantailak zabalduko ditu bere hiru lurralde erakundeetara, hau da, Dendartean (Gipuzkoa), Bizkaidendak (Bizkaian) eta Arabadendak (Araba) elkarteetara, eta bazkide guztiek "abantaila nabarmenak" izango dituzte merkataritzaren alorrean eta segurtasunari dagokionez.

"Izan ere, .eus domeinuaren erabilerak hainbat onura eskainiko ditu, hala nola gure webguneen posizionamendua eta zibersegurtasuna hobetzea", gaineratu dute.

Orobat, elkarteotako bazkideek euren proiektu digitalak euskaraz garatu, 'hosting' zerbitzu bereziak eskuratu eta .eus domeinua doan erregistratzeko deskontu kodeak jaso ahal izango dituzte.

Merkataritza establezimendu guztiek eskaerak egiteko inprimaki bakarra sortu da, eta https://labur.eus/euskaldendak estekan lor daiteke.