Erraimun Olabide josulagun eta euskaltzain osoaren (Gasteiz, 1869 - Tolosa, Okzitania, 1942) euskarazko Biblia erabiltzaileen esku jarri du Euskaltzaindiak, Akademiaren webgunean eskegita.

Euskaltzaindiko iturriek jakinarazi dutenez, euskara "noranahiko bihurtzeko ahaleginean" ondutako lana da, eta horrek argitzen ditu egindako hautuak eta erabilitako moldeak.

"Ez zen hori izan Arantzazuko Biltzarraren ondotik (1968) Euskaltzaindiak hartu zuen bidea, baina egokia da idazlan erraldoi hau berreskuratzea, aztertzea, eta egokiro balioetsi eta baliatzea, gizartearen esku jarrita", adierazi dute.

Beraz, Euskaltzaindiak webgunean jarri duena ez da Olabideren Bibliaren edizio kritiko bat, helburua ez baita liburuaren orrialdez orrialdeko argazki hutsa eskaintzea, bilaketa sistema eraginkor batez hornitzea baizik.

Argitalpenak bi baliabide nagusi ditu: liburuaren orrialdez orrialdeko argazkiak eskaintzea, azken buruan testuarekiko erabateko fideltasuna ziurtatzeko, eta Bibliaren kontsultan bilaketa sistema erabiltzea, hots, aipuak liburuz liburu, kapituluz kapitulu eta txatalez txatal errazki aurkitu ahal izatea.

Baliabideak horiek izanik, pantaila begiz jota irakurleak erraz atzemango dio funtzionamenduari, baina erabiltzeko orduan kontuan hartu behar da, alde batetik, testua ez dela batere ohikoa eta horrek irakurlearen begietara arroztasun sentimendua piztu lezakeela, Olabideren ortografia eta morfologia urrun baitaude bai 1900 aurretik arruntak ziren euskarazko molde ortografiko guztietatik, bai euskara batuaren garaian gure artean zabaltzen eta sendotzen diren arauetatik.

"Ondorioz, testu transkribatua ez da erabat ziurra eta hainbat kasutan liburuaren argazkietara jo behar da argitasun bila", gaineratu dute.

Era berean, liburu, kapitulu eta txatalez txataleko bilaketa sistema modu eraginkorrean erabiltzeko, 'Elizen arteko Biblia' erabiltzea gomendatu dute Akademiatik, https://www.biblija.net/biblija.cgi?l=eu webgunean aurki daitekeena, hain zuzen ere.