Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak Abetxukuko Plaza Nagusian erabilera anitzeko pergola fotovoltaiko bat instalatzeko eta martxan jartzeko lanak esleitu ditu ostiral honetan. Enpresa esleipenduna Instalaciones Eléctricas Ekoargi izan da, eta proiektua instalatzeko eta martxan jartzeko lanak egingo ditu 409.179,65 euroren truke, zortzi hilabeteren buruan.
Uribe Nogales bizilagunen elkarteak proposatu zuen ekipamendua 'Vitoria-Gasteiz Hobetuz' programaren hirugarren edizioaren baitan, eta, topagune izateaz gain, kultur, kirol eta jai giroko jarduerak hartuko ditu.
Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik eratorritako Europako NextGenerationEU funtsak jaso ditu proiektuak, bai eta Gobernu Irekia eta Gizarte Etxeak, Espazio Publikoak eta Auzoak, eta Hiri Eredua, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumena udal sailena ere.
Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak 'Vitoria-Gasteiz Hobetuz' programaren balioa nabarmendu du beste behin, herritarrek proposamenak egiteko udal baliabideen zati bat zertara bideratu nahi den erabakitzeko aukera ematen duen partaidetzarako tresna baita.
"Programa honen erakargarritasun nagusietako bat da herritarrei beren proposamenak baloratu eta gauzatu egiten dituztela egiaztatzeko aukera ematen diela eta, are hobea dena: haien bizi-kalitatea hobetzen dute", adierazi du.
Bada, Abetxukuko Plaza Nagusian jarriko den pergolaren helburua da auzoan dagoen eta gutxi erabiltzen den espazioari erabilera ematea egun eguzkitsuetan, euritsuetan edo haizetsuetan, haurrak, adinekoak edo nahi duten guztiak jasotzeko.
"Helburua da espazio horri bizitza ematea, ingurunearen fisonomia hobetzea eta bertan jai kutsuko jarduera eta ekintzak antolatu ahal izatea", gaineratu du Fernandez de Landak.
Horrela, bankuak, jardinerak eta saskia, ateak edo ping-pongeko mahaiak bezalako ekipamendu ludikoak izango ditu, eta 35 metro koadroko agertokia jarriko dute. Barruko argiteria led argien bidezkoa izango da eta estalkian instalatutako eguzki plaketatik etorriko da. Guztizko azalera 606 metro koadrokoa izango da.