EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore izateko bi hautagaiek, Eva Ferreira Ekonomia Aplikatuko katedradun eta egungo errektoreak eta Joxerramon Bengoetxea Zuzenbidearen Filosofiako katedradunak, beren programak aurkeztu dituzte EHUko Klaustroak Bilbon egin duen ezohiko bileran, beren taldekideek lagunduta.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, ekitaldian zehar, hautagai bakoitzak 45 minutuko tartea izan du bere programaren defentsa egiteko, eta, ondoren, hautagaiek bertaratutakoen galderak erantzun dituzte.

Errektorea unibertsitateko agintari akademiko gorena da, eta unibertsitateko kideek hautatzen dute, hautaketa zuzenaz eta sufragio unibertsal, libre, sekretu eta haztatuaren bidez. Errektore izateko hautagaia arduraldi osoan diharduen irakasle-ikertzaile iraunkor doktorea izan behar da eta, gutxienez, izan behar ditu ikerketako hiru seiurteko, irakaskuntzako hiru bosturteko eta lau urteko esperientzia unibertsitate gestioan, kide bakarreko kargu batean. Bi hautagaitzak ostegunean aldarrikatu ziren behin betiko, eta biek gutxienez klaustrokideen %10ek sinatutako bermea jaso zuten bere garaian.

Errektore izateko hauteskundeetan ematen den botoa haztatua da, hau da, unibertsitateko kidego bakoitzari ehuneko bat esleitzen zaio eta, horregatik, hautagaitzen emaitzak ehunekotan ematen dira. Unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle doktoreek %56,25ko portzentajea dute, lotura iraunkorra daukaten irakasle ez-doktoreek eta lotura iraunkorra ez daukaten irakasle-ikertzaile doktoreek %8,3koa, gainerako irakasle-ikertzaileek %1,59koa, ikasleek %22,08koa eta teknikariek eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileek %12,08koa.