Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) txikizkako merkataritzako salmentak %4,2 gehitu dira 2024ko hirugarren hiruhilekoan aurreko urteko aldi beraren aldean, egutegiaren eraginak kenduta eta prezio konstanteetan, eta gasolindegiak kontuan hartu gabe, berriz, %4,8ko igoera izan da. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, dagozkion urtaro ondorioak kenduta, salmenten indizea %1,7 igo da hirugarren hiruhilekoan, Eustat euskal estatistika erakundearen arabera.

Elikaduraren salmentak %3,0 gehitu dira salmentak prezio finkoetan 2024ko hirugarren hiruhilekoan, eta gainerako produktuen sektorean %6,9, aurreko hiruhileko beraren aldean. Automobilgintzarako erregaiaren sektorean, aldiz, salmentak aurreko urteko hiruhileko berean baino %1,8 txikiagoak izan dira.

Era bereasn, bigarren hiruhilekoaren aldean, urtaroen eraginak kenduta eta prezio finkoetan, elikaduraren sektoreko salmentak %0,2 jaitsi dira, eta gainerako produktuetan eta automobilgintzarako erregaian, berriz, %4,2 eta %1,5 igo dira, hurrenez hurren.

Elikaduraren txikizkako merkataritzaren barruan, elikaduran, edarietan eta tabakoan espezializatutako merkataritzako salmentak %2,8 gehitu dira iazko hirugarren hiruhilekoaren aldean (fruta dendak, harategiak, arrandegiak eta abar), eta espezializatu gabeko eta elikagaiak, edariak eta tabakoa nagusi dituen txikizkako merkataritzakoak %3,0 (batez ere supermerkatuak eta hipermerkatuak).

Gainerako produktuen txikizkako merkataritzaren barruan, pertsonen ekipamenduan espezializatutako sektorean %8,4 igo dira salmentak urte artean (arropa, oinetakoak, kosmetika edo higiene produktuak), eta etxeko ekipamenduan espezializatutakoan %6,2 (etxetresna elektrikoak, altzariak eta telekomunikazio ekipoak).

Bestelako kontsumo ondasunetan espezializatutako sektorean %5,6 gehitu dira salmentak 2023ko hirugarren hiruhilekoaren aldean (besteak beste, kirol artikuluak, jokoak edo jostailuak), eta gainerako produktuetan nagusi den sektore ez-espezializatuan %4,7 (korrespondentzia edo Internet).

Lurralde historiko bakoitza kontuan izanda, 2024ko hirugarren hiruhilekoko salmenten indizeak urte arteko hazkundea izan du guztietan: Araban %2,9 igo da indizea, Bizkaian %4,2 eta Gipuzkoan %4,7. Hiruhileko artean ere, salmenten bilakaera positiboa izan da hiru lurraldeetan: Araban eta Gipuzkoan %1,3 igo dira salmentak, eta Bizkaian %2,0.

Azkenik, EAEko txikizkako merkataritzako landunen kopurua %1,7 gehitu da 2024ko hirugarren hiruhilekoan aurreko urteko aldi beraren aldean, eta %0,8 bigarren hiruhilekoaren aldean.