Joseba Sarrionandia idazle bizkaitarraren poesiaren molde jasoak aztertu dituzte 'Euskera 2024' ikerketa aldizkariaren azken zenbakian, dagoeneko Euskaltzaindiaren webgunean irakur daitekeen alean, hain zuzen ere, Akademiako iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Besteak beste, sei ikerketa artikulu irakur daitezke: Joseba Sarrionandiaren poesiaren molde jasoak (Ane Arandia), -KAdun adberbioez haratago: apurKA-apurKA baina beti aurreraKA (Ane Berro eta Cecilia Fernandez-Altonaga), Urtaroak. Ikuspegi etnolinguistikoa (Kepa Dieguez), Euskara zinema elekariaren hasmentan (1930- 1936). Debateak, ametsak eta praktikak (Josu Martinez), Itzulpen-estrategia pedagogikoak euskal irakaskuntzaren ardatzekin bat (Miren Ibarluzea) eta Euskaldunen euskara-gaitasunaren eragina euskara-gaztelania kode-alternantziaren erabileran (Mikel Prrez eta Amaia Munarriz-Ibarrola).

Horrez gain, ohar bat eta liburu aipamen bat ere badira aldizkariaren zenbaki berrian, hain zuzen, Manu Gojenolak paratutako Mario Onaindiaren euskal lanak, eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren liburu-aipamena ('La Reial Acadèmia de Bones Lletres de Barcelona i l'Institut d'Estudis Catalans davant la normativa de la llengua catalana').

'Euskera' ikerketa aldizkariak bi zenbaki argitaratzen ditu urtero: lehena udaberrian (urtarrila-ekaina aldiari dagokiona) eta bigarrena irailean edo urrian (uztaila-abendua aldikoa). Ikerketa artikuluak argitaratzeko, Idazketa Batzordeak, anonimotasuna bermatuz, kanpo ebaluatzaileen iritzia jasotzen du 'peer review' sistema erabiliz.