AEK-k eta C.A. Osasunak duela sei urte hasi zuten ibilbideari eutsiko diote, aurreko lankidetza hitzarmenaren luzapena sinatu baitute asteazke honetan. Horrela, 2024-2027 epealdian hizkuntza kudeaketarako hirugarren plana ezarriko da.
AEK-ko iturriek jakinarazi dutenez, Osasunak eta bere fundazioak hizkuntza kudeaketa hobetzeko zenbait plan diseinatu eta ezarri ditu 2018. urtean hasita, AEKren aholkularitzarekin, alor batzuk landuz, besteak beste, sentsibilizazio jarduerak, euskara eskolak eta itzulpen plana.
AHIZE-AEKren aholkulariak arduratzen dira planak ezartzeaz, eta, haien ustez, orain arteko ibilbideak indargune bat baino gehiago izan ditu, batez ere, euskararen presentziaren gorakada bazkideekiko eta, oro har, herritarrekiko harremanetan, bai eta euskarrietan ere. Arlo horietan, nabarmentzekoak dira Sadar futbol zelaiko errotulazioa, bazkideentzako mezu eta eskutitzak, webguneak eta lehen taldearen X sare sozialeko euskarazko kontua (dagoeneko, 5.950 jarraitzaile ditu).
Halaber, ikasturtez ikasturte, gora egin du euskara ikastera animatu diren langile-kopuruak, eta aurreko ikasturtean 14k egin zuten urratsa. Horrez gain, haurrekin aritzen diren futbol eskoletako teknikari guztiek jaso dituzte hizkuntza aniztasunaren gaineko motibazio saioak, bai eta egoera hobeto kudeatzeko oinarri metodologikoak ere.
Horrela, gaur egun, Osasunako futbol eskoletako bost taldetik batean euskaraz dihardute, dagoeneko 330 haur aritzen dira euskaraz, eta azken urteetan horrelako bost talde osatu dira Iruñerrian eta Lizarran. Era berean, azken urteotan Osasunak parte hartu izan du administrazio publikoek eta euskalgintzak sustatutako ekitaldi eta kanpainetan, esaterako, Euskaraldian eta Korrikan.
Hala eta guztiz ere, aurrerapausoak emanagatik ere, AEKtik ziurtatu dute hitzarmen berriak erakusten duela "oraindik ere lan eskerga dagoela egiteko". Horregatik, aurrera begirako lehentasun batzuk nabarmendu dira; adibidez, bazkideei ematen zaien zerbitzu eta komunikazioek jarraituko dute ildo nagusietako bat izaten, eta Taxoaren beste ekintza bat garatuko da, harrobiko jokalariekin eta bertako proiektu berriaren inguruan.
AEKrentzat "hagitz pozgarria" da Osasunarekin elkarlanean jarraitzea, aintzat hartuta taldearen "irismen ikaragarria". "Horrelako eragile indartsu batek euskara normaltasunez erabiltzeko bideak urratzeak bat egiten du, zeharo, AEKren misioarekin eta jardunekin", gaineratu dute.