Arabako Foru Aldundiak Natura 2000 Sareko naturguneetan dauden eta mehatxatutako habitatak eta espezieak babesteko balio handikotzat jotzen diren hezeguneetako eta intereseko beste eremu batzuetako ingurumena lehengoratzeari ekingo dio. Foru erakundeak azken urteotan Europako proiektuekin lankidetzan bultzatu duen lan ildoaren barruko zenbait jarduera dira, Arabako aberastasun ekologikoa eta natura ondarea zaintzeko.

Oraingoan, LIFE Global proiektuaren barruan -Arabako Aldundiak eta Nafarroa, Gaztela eta Leon, Galizia eta Portugalgo bederatzi erakunde publikok parte hartzen dute-, jarduketak egingo dira Izkiko Parke Naturaleko Olandinako urmaelean eta zohikatz eremuetan, Guardiako Erreserba Naturaleko Musco, Carralogroño eta Carravalsecako aintziretan, Entziako Toberia ur jauzian eta Iturbaltz urmaelean, Caicedo-Yuso eta Arreoko lakuan eta Valderejo, Sobron, Gorbeia eta Kantabriako Mendilerroko beste hezegune eta enklabe batzuetan. Eremu horiek guztiek Kontserbazio Babestuko Eremu izendapena dute.

Foru erakundetik jakinarazi dutenez, Europako Batzordeak lehentasunezkotzat jotzen ditu proiektuak landuko dituen habitatak, hainbat jarduera behar baitituzte mehatxuak edo gorabeherak zuzentzeko, eta horrela, prozesu ekologikoen funtzionaltasuna berreskuratu eta errazteko.

Hala, besteak beste, Olandinako urmaelean, aintzira kubeta berreskuratu eta ertzak lehengoratuko dira; Iturbaltz putzuan, fauna aloktonoa erauzi edo kontrolatzeari ekingo zaio; Musco, Carralogroño eta Carravalsecako aintziretan habitataren kalitatea hobetuko da, landaredi halofitoarentzako azalera egokia duten harriak edo obra hondakinak kenduz, babes heskaiak landatuz eta iragazki berde bat instalatuz Carralogroñoko aintziran.