Mario Onaindia Fundazioak bultzatutako Berdintasunerako bide luzea: Euskadiko emakumeak XX. mendean izeneko erakusketa zabaldu dute asteazkenean Gasteizko Hegoalde gizarte etxean. Urriaren 31ra arte egongo da ikusgai, eta emakumeen eskubideen alde XX. mendean egindako borrokaren ibilbidea jasotzen du.

"Erakusketa honi esker, gure eskubideak lortzeko euskal emakumeek bizitzako errealitate eta prozesuak erakusten dituzten 102 argazki ikusi ahal izango ditugu"

Gasteizko Udaleko Berdintasuneko zinegotzi Ana Lopez de Uraldek aurkezpenean azaldu duenez, "erakusketa honi esker, gure eskubideak lortzeko euskal emakumeek bizitzako errealitate eta prozesuak erakusten dituzten 102 argazki ikusi ahal izango ditugu. Argazkiak liburu batean ere bildu dituzte, eta emakumeok bizi dugun desberdintasunaren inguruko gogoeta piztu nahi dute ikusten dituztenen artean".

Erakusketako irudiak lau aldi nagusitan antolatu dira eta berdintasuna lortzeko bide luzean izandako lau fase islatzen dituzte

Erakusketako irudiak lau aldi nagusitan antolatu dira eta berdintasuna lortzeko bide luzean izandako lau fase islatzen dituzte. Lehenengoak XX. mendeko lehen hiru hamarkadetan izandako lehen aldarrikapen feministak ditu oinarri, eta, aurrera jarraituta, Espainiako II. Errepublikan emakumeen eskubideak aitortu zituzteneko garaia azaltzen da.

Ondoren, frankismoa jasotzen da, non emakumeen eskubideen aitortzan atzerapena gertatu zen, eta, amaitzeko, demokraziaren itzulera islatu da, berriro ere gizon eta emakumeen arteko berdintasunean aurrera egin zen garaia.