Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, igande honetan, irailaren 29an, epeltzera egingo du eta giro eguzkitsua nagusituko da. Egunaren lehenengo partean hodeiak eta ostarteak izango ditugu, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Arratsaldean zerua nahiko garbi geratuko da.

Hegoaldeko haizea ibiliko da eta tenperatura gora egingo du, balio altuenak 22-25 gradukoak izanik. Hiriburuetan, Baionan 9 gradu espero dira gutxienez eta 23 gehienez, Bilbon 9 gutxienez eta 25 gehienez, Donostian 8 gutxienez eta 23 gehienez, Gasteizen 4 gutxienez eta 22 gehienez eta Iruñean 7 gutxienez eta 21 gehienez.

Itsasoan hego-osagaiko haizea ibiliko da, 3-4ko indarrarekin, eta arratsaldean baliteke brisa ibiltzea, bereziki mendebaldean; itsaso kizkurra eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5-1 metroko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 03:46an eta 15:59an izango dira, eta itsasbehereak 09:35ean eta 22:06an. Uraren tenperatura 19 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da.

Balorazioa

"Goizean lanbroa eta lainoa sortuko dira. Zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodeien tarteekin. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin ekialdeko mendi inguruetan. Kostaldean arratsaldean brisa ibil daiteke. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak nabarmen edo asko igoko dira", azpimarratu dute Euskalmetetik.

Bestalde, bihar zerua hodei gutxirekin egongo da, Kantauri isurialdean tarte hodeitsu batzuekin, bereziki egunaren bigarren partean. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, eguerdi inguruan ipar-osagaira egingo du. Egunaren amaieran norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira; kostaldean gutxi edo nahikoa jaitsiko dira.