Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) gobernu kontseiluak hurrengo sei urteetan euskal unibertsitate publikoa zuzenduko duen errektorearen izendapenarekin amaituko den hauteskunde prozesua onetsi du ostegun honetan Bizkaia Aretoan egiundako bilkuran, eta horrela, Errektoretzarako hauteskundeak azaroaren 26an izango dira, EHUko iturriek jakinarazi dutenez.

Hain zuzen, unibertsitateko gobernu bilerak hauteskundeetarako deialdia egin eta egutegiaren mugarri nagusiak finkatu ditu. Bada, hautagaitzak urriaren 9tik 29ra aurkeztu beharko dira, eta haien behin betiko onartzea azaroaren 7an egingo da. Hauteskunde kanpaina azaroaren 8tik 24ra izango da, eta azaroaren 26an bozkatuko da. Aurretik, azaroaren 11n, Klaustroaren bilkura egingo da, hautagaitzak aurkezteko eta hautagaiek beren programak azaltzeko.

Hautagaitza bat edo bi egonez gero (edo hautagaitza gehiago, horietako batek lehen itzulian jada boto haztatuaren erdia lortzen badu), abenduaren 3an egingo da errektore hautatuaren behin betiko izendapena. Bi itzuli badaude, bigarrenera igaroko dira boto haztatu handiena lortu duten bi hautagaitzak. Bigarren bozketa hori abenduaen 3an egingo litzateke, abenduaren 11n errektorea behin betiko izendatzeko.

Errektorea da agintari akademiko gorena, eta unibertsitateko kideek aukeratzen dute, zuzeneko hautaketa eta sufragio unibertsal libre, sekretu eta haztatuaren bidez. Errektorea aukeratzen da lanaldi osoko irakasle-ikertzaile doktore iraunkorren artean, eta baldintza da gutxienez edukitzea hiru seiurteko ikerketan, hiru bosturteko irakasle lanetan eta lau urteko esperientzia unibertsitate kudeaketan, pertsona bakarreko kargu batean. Hautagaitzek gutxienez klaustrokideen %10en sinadura behar dute.

Errektoretzarako hauteskundeetan da boto sistema haztatua erabiltzen da, hau da, unibertsitateko kolektibo bakoitzak boto ehuneko bat duenez, ehunekotan adierazten dira hautagai zerrenda bakoitzak jasotako babesak. Ehunekoak hurrengo hauek dira: lotura iraunkorreko irakasle doktoreek %56,25, irakasle-ikertzaile ez-doktore iraunkorrak eta lotura iraunkorrik gabeko irakasle-ikertzaile doktoreek %8, beste irakasle-ikertzaileek %1,59, ikasleek %22,08 eta teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileek %12,08.