"Arabako Antzinako Musika Astea" Espainian tradiziorik handiena eta nazioartean oihartzuna duten antzinako musika jaialdietako bat da, eta 3.600 ikus-entzule baino gehiago izan ditu 42. edizioan. Igande honetan, irailaren 22an, amaitu da, Roberta Mamelik eta Passamezzo Anticok Fontechako Orgaztarren dorrean emandako kontzertu bikainarekin.
Jaialdiak jarraitzaile berriak eta ikus-entzule gazteagoak erakarri ditu edizio honetan. 10 egun izan dira, nazioarteko izar gaztez beteak (Justin Taylor, Sophie de Bardonnèche, Lucie Horsh, Olga Paschenko, Ignacio Prego eta Tiento Nuovo), eta agertoki berriak (Eguren Ugarte upeltegia, Izkiko Parke Naturala, Orgaztarren dorrea), ziklo berriak (Emakumeak musikan, Gure musikari gazteak, Elkarguneak) eta hiru ikastetxerekin lankidetzak izan dira (Musikene, Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioa eta Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioa). Halaber, haurrentzako gorputz perkusioko bi tailer egin dira.
Jende asko, eta jarduera berriekiko interes handia
“Antzinako Musika Astea musikaren erreferente bihurtu da gure lurraldean, bai eta hitzordu entzutetsuenetako bat ere. Horren erakusgarri da ‘sold out’ egotea. Edizio honetan, beste kalitate jauzi bat egin da, programazio berritu eta erakargarria izan baitu, eta horrek lagundu du Astea birkokatzen generoaren jaialdi europar handien testuinguruan", adierazi du Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak.
"Edizio honen helburua izan da antzinako musika zabaldu eta biziberritzea, kultura sarea indartzea eta landa ingurunera iristea, eta hori guztia berdintasunaren eta belaunaldien arteko bizikidetzaren alde egin eta konposizioan eta interpretazioan emakumeari balioa ematen zaion bitartean", erantsi du Del Valek.
"Jende asko bildu duen jaialdia izan da, 3.600 ikus-entzule baino gehiago izan baitira egin ditugun kontzertuetan eta jarduera paraleloetan.”
“Aurreko edizioetan baino ikus-entzule gazte gehiago izan dugu, eta orain arte inoiz bertaratu ez diren pertsonen interesa piztu dugu, oraingoan Eguren Ugarte upeltegietara, mendi ibilaldi musikaletara edo haurrentzako hezkuntza ekintzetara etortzea erabaki baitute", adierazi du Carmen Martínez Guerra jaialdiaren zuzendariak, balantzea egin duenean. "Edukiari dagokionez, oso programa erakargarria aurkeztu dugu, duen kalitate artistikoa dela eta. Oso irudi freskoa eta bizia izan du. Nazioarteko goren mailako interpretatzaile gazteak izan ditugu", gaineratu du Martínez Guerrak, egin duen balorazioan.