Gasteizko Udalak 10 eta 50 litroko bi milioi poltsa konpostagarri doan banatzeko kanpaina jarriko du martxan ostiralean, irailaren 21ean, edukiontzi marroian botatzen diren hondakin organikoen birziklatze tasa hobetzeko helburuarekin.
Aldabe, Arriaga, Pilar, Ibaiondo, Hegoalde, Iparralde, Judimendi, Lakua, Salburua, Zabalgana, Abetxuku eta Landatxo gizarte etxeetan eta Ariznabarrako kiroldegian banatuko dira poltsak. Ekoizle txikientzat hamar litroko bolumena duten ontzietarako 1.900.000 poltsa erosi dira, eta 50 litroko 120.000 poltsa saltoki, ostalaritza eta ekoizle handientzat; hala, guztira 2.020.000 ale eskuratu dira.
Pascual Borja Ingurumen Kudeaketako zinegotziak azaldu duenez, 'Poltsarekin errazago' lelopean, "bi milioi poltsa baino gehiago banatuko dira doan, herritarrak eragile garrantzitsu izan daitezen hondakin organiko selektiboaren bilketan, eta merkataritza sektoreak ere parte har dezan Gasteizko ingurumen helburuak lortzeko bidean".
Bada, gasteiztarrek 13 guneotan eskuratu ahal izango dituzte poltsa konpostagarriak. Funtzionamendua eta bilketa iraupen luzeko tratamenduetarako sendagaiak osasun txartelaren bidez farmazietan jasotzeko moduaren antzekoak dira.
"Herritarren Udal Txartela erakutsi beharko da, eta 30 poltsako hiru biribilki emango dira. Banaketan poltsa kopuru jakin bat emango da (90), etxe bakoitzean lau hilabetez hondakin organikoak birziklatzeko poltsak edukitzeko. 120 egun igaro ondoren, poltsen banaketa gunera joan ahal izango da berriro, beste hiru biribilki jasotzeko", azaldu du Borjak.
Ekoizle handien, saltokien eta ostalaritzaren kasuan, 50 litroko 120.000 poltsa banatuko ditu Gasteizko Udalak, 20 poltsako bost biribilkitan banatuta (100 poltsa). Horrela, zenbatetsi da hiru hilabete eta erdiz erabili daitezkeela, poltsa konpostagarri sorta berria behar den arte.