Finantzen Euskal Institutuak gazte ekintzaileentzako mailegu bidezko finantzaketa lerro espezifiko bat jarriko du martxan, ekintzailetza babesteko neurri gisa, Noël D'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzetako sailburuak Ajebask Euskadi Enpresari eta Enpresari Gazteen Federazioak Gasteizen antolatutako foroaren inaugurazio ekitaldian iragarri duenez.

Jaurlaritzak legealdi berrian ekintzaileei laguntzeko eta babesteko duen jarreraren barruan sartu du neurria D'Ajouk, batik bat "gazteentzako kalitatezko enpleguak sortzeko erronkaren barruan, gazteek soldata onak, lan bizitzarako baldintza onak, asmo handiko garapen profesionala, lan malgutasun handiagoa eta kontziliazio aukerak izan ditzaten".

Ogasun eta Finantzetako sailburuak bere hitzaldian adierazi du lankidetza publiko-pribatu "handia" dela "Euskadiko garapen ekonomikoaren formula", eta Europan "erreferente" dela arlo horretan egindako ibilbideagatik. Ildo horretan, klusterren sarea praktika horren "lehen mailako enbaxadore" gisa nabarmendu du.

Bere iritziz, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza estua "funtsezko tresna" izan da Euskadin lehiakortasuna sustatzeko politikak ezar daitezen, eta, gainera, aukera eman du eskura dauden funts publikoen inpaktu soziala handitzeko, merkatuko akatsak zuzentzeko eta inbertsio pribatuak bideratuko dituzten pizgarri eta seinale egokiak ezartzeko.

Ogasun eta Finantzetako sailburuak ekitaldiaren amaiera baliatu du Ajebask Euskadi zoriontzeko eta Ogasun eta Finantzetako Sailaren babesa adierazteko, baita planteatutako erronkei keinu egiteko ere: "Gustatuko litzaidake etorkizunari anbizioz begiratu ahal izatea, eta Euskadik bere lehiakortasun mailak mantentzea eta hobetzea, tokikotik lehiatzen ari baikara mundu global batean; hain zuzen, ziurgabetasunez beterik dagoen eta, aldi berean, aukera izugarriak dituen testuinguru batean".