Beste urte batez, Vitoria-Gasteizko Udalak Mugikortasunaren Europako Astearekin bat egin du. Egitasmoak jardueren egitarau oparoa biltzen du eta horren helburua da garraiobide jasangarriak sustatzea, ibilgailu partikularraren erabilera gutxitzeko beharrari buruz kontzientziatzea eta joan-etorriak egiteko erabilgarri ditugun bitarteko ugarien arteko elkarbizitza baketsua bermatzea.
Mugikortasunaren Europako Astea irailaren 16tik 22ra bitarte egingo da eta aurtengoa 24. edizioa izango da. Aurtengo ediziorako hautatutako gaia da “Espazio Publiko Partekatua” eta leloa, aldiz, aurreko urteetako bera: “Konbinatu eta mugitu!”. Horren bidez, intermodalitatea azpimarratu nahi da bereziki.
Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzi eta alkateorde Beatriz Artolazabalek gaur goizean zehaztu du egun horietarako diseinatutako programazio zabala. Bertan, zero isurpeneko mugikortasunak izango du protagonismo berezia. “Guztiok, erakundeek, enpresek eta herritarrek, jakin behar dugu mugitzeko garraiobide jasangarriak erabiltzeak norberarentzat zein taldearentzat onura handiak ekartzen dituela. Garraiobide horietako batzuk dira garraio publikoa, bizikleta edo oinez egindako joan-etorriak. Ingurumenerako eta gure osasunerako onurak; izan ere, hala, CO2 isuriak ekidin eta giro osasungarriagoa sortuko dugu”, adierazi du Artolazabalek.
Mugikortasun Astea hilaren 16an, astelehenean, hasiko da Konstituzio plazan egingo diren ginkanarekin eta bizikleten tailerrarekin. Toki horretan bertan, patineteetarako mugikortasuneko ordenantza berriaren berri emango dute. Ordenantza berri horrek, besteak beste, gidari guztiak kaskoa janztera behartzen ditu. Jarduera hori bera egingo da egunero hiriko beste hainbat txokotan: Ekialdeko parkean, Molinuevo parkean, Galeon parkean eta Gurutze Gorriaren plazan. Aste osoan zehar, gainera, herritarrentzat zabalik egongo diren bi ibilaldi egingo dira: hilaren 19an, bizikletaz, eta hilaren 20an, patinetez. Horietan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da aurrez izena ematea.