Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 3.159 haur jaio dira 2024ko lehenbiziko hiruhilekoan, aurreko urteko aldi berean baino %0,5 gehiago, Eustat euskal estatistika erakundeak bildutako datuen arabera.

Hilabeteen arabera aztertuta, jaiotza gehien urtarrilean izan dira (1.140, guztizkoaren %36,1), eta ondoren martxoan (1.056, %33,4) eta otsailean (963, %30,5). Lurraldeka, jaiotzak %6,6 gehitu dira Gipuzkoan eta %2,2 Araban, eta %4,1 gutxitu Bizkaian; zehazkiago, Bizkaian 1.536 haur jaio dira urtarriletik martxora, Gipuzkoan 1.121 eta Araban 502.

Amaren adinaren arabera, 30-34 urteko amen taldea dago lehen postuan, jaiotzen %34,4rekin, eta antzeko ehunekoa da 35-39 urteko amen taldean (%34,3). 25 eta 29 urte bitarteko amek izandako haurren portzentajea %13,4 izan da, 40 urte edo gehiago zituzten amek ordezkatutako %11,2ren gainetik. Azkenik, jaiotzen %6,7ren kasuan, amak 25 urtetik beherakoak izan dira.

Ezkontzaz kanpoko jaiotzak guztizkoaren %49,6 izan dira, 2023ko lehen hiruhilekoan jasotako ehunekoaren azpitik (%50,8). Bizkaiak EAEk baino balio handiagoak ditu (%53,5), eta Araban eta Gipuzkoan ehuneko horiek txikiagoak izan dira (%50,6 eta %43,8, hurrenez hurren). Ama ezkongabeen artean 25 urtetik beherakoen ehunekoa handiagoa da (%9,4), eta portzentaje hori %6,7 da ama guztiak kontuan hartuta.

Jaiotza-hurrenkeraren arabera, 2024ko lehen hiruhilekoan EAEn jaiotako haurren %49,6 lehen seme-alabak izan dira (1.566), %36,9 aurretik beste haur bat bazen familietan jaio dira (1.167), eta %13,5era iritsi da jaiotako haurra hirugarrena eta ondorengoa den kasua -2023ko hiruhileko berean baino %0,3 puntu gainetik-.

Azkenik, EAEn 2024ko lehenengo hiru hilabeteetan izandako jaiotzen %33,3an ama atzerriko nazionalitatekoa izan da, eta ehuneko hori 2023ko lehen hiruhilekoa baino %2,3 puntu handiagoa da. Araban, atzerriko nazionalitatea zuten amen proportzioa %44,2koa izan da, Bizkaian %31,3koa eta Gipuzkoan %31,2koa.