Vitoria-Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 49. edizioa gero eta gertuago dago, eta gaur eman dute programazio osoaren berri. Guztira 37 ikuskizun izango dira eta udal-antzokien sarean banatuko dira laster Principal antzokia zaharberritzeko lanak hasiko dituztelako. Sonia Díaz de Corcuera Kultura zinegotziak azaldu duenez, jaialdiak “bere funtsari eta oinarriari eutsiko die eta generoen, formatuen eta publikoen arteko oreka mantenduko du, proposamen arriskutsuekin eta beste proposamen konbentzional batzuekin”. Juan Diego Botto, Malena Alterio, Pedro Casablanc eta Ane Gabarain aktoreak igoko dira oholtzara, besteak beste, urriaren 17tik abenduaren 15era bitarte. Sarreren aldez aurreko salmenta irailaren 23an hasiko da Principal antzokiko leihatilan.
“Principal antzokiko agertokia itxita dago eraberritze-lanak noiz hasiko zain, baina arte eszenikoen eskaintzak betiko kalitate berberarekin jarraitzen du hirian. Zorionez, Gasteizen udal-antzokien sarea dugu, eta sare horrek beste lau espazio eszeniko eskaintzen dizkigu. Dagoeneko urte asko daramatzagu horietan ere programatzen eta orain Jaialdiaren programazioaren zatirik handiena hartzea tokatu zaie”, azpimarratu du Kultura zinegotziak.
Jaialdiak nazioarteko 6 ikuskizun, euskarazko 6 ikuskizun, dantzako eta beste adierazpide batzuk biltzen dituen 5 ikuskizun, eta familientzako eta haurrentzako 8 proposamen ditu besteak beste. Ikuskizunak Felix Petite Antzokian (18 ikuskizun), Jesus Ibáñez de Mataucon eta Federico García Lorcan (10, bien artean) eta espazio ez-konbentzionaletan (9) eskainiko dira. Bestalde, 3 estreinaldi absolutu izango dira; bertaratuko diren antzezleetako batzuk dira Juan Diego Botto, Malena Alterio, Pedro Casablanc edo Ane Gabarain; dramaturgoen artean, honako hauek aipatu behar dira: Sergio Peris Mencheta, Andrés Lima, Ana Zamora eta Daniel Verones; eta nazioarteko proposamenak Argentinatik, Uruguaitik, Frantziatik, Esloveniatik, Italiatik eta Norvegiatik iritsiko dira. Horrez guztiaz gain, tokiko sorkuntza eszenikoaren aldeko apustuak oso sendoa izaten jarraitzen du eta guztira Euskaditik iritsitako 18 euskal proposamen egongo dira ikusgai; hau da, programazioaren ia % 50.
Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuorde Andoni Iturbek nabarmendu du oso garrantzitsua dela erakunde publiko eta pribatuen artean modu koordinatuan lan egitea talentu artistikoa sustatzeko eta Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren moduko ekimenak antolatzeko. “Talentu artistikoari emandako laguntza horrek, kalitatezko kultura-eskaintzarekin batera, balioa sortzen du gizartean”, gaineratu du.